IRUZURTIAREN SINDROMEA
Duela gutxi deskubritu dut testu honi izena ematen dion fenomenoa: iruzurtiaren sindromea. Beno… duela gutxi jarri diot izena, zer zen jakin gabe, berori pairatzeak dakartzan sintoma gehientsuenak duela urte askotik sentitu ditut eta.
Definizio ofizialen arabera, fenomeno psikologiko bat da iruzurtiaren sindromea. Honen ondorioz, norbanakoa ez da bere lorpenak (batez ere, lan arloan lortutakoak) barneratzeko gai sentitzen; zoriaren edo kasualitatearen ondorioz izan direla sinesten du. Horregatik, iruzurti gisa deskubrituko duten beldurra jasaten du etengabe. Funtsean, norberaren arrakasta onartzeko gai ez izatea edo lortutakoa gutxiestea dakar sindrome honek.
Gehienbat emakumeok pairatzen dugu. KPGMk egindako inkesta baten arabera, lau emakumetik hiruk bizitza profesionalean noizbait sentitu du edo sentituko du sindrome honen sintomaren bat. Egin diren ikerketa gutxien arabera, arrazoien atzean, besteak beste, lan eremu askotan orain arte eman den emakume erreferenteen falta, edo ohituraz gizonezkoenak izan diren lanetan aritzeko, emakumeek gaitasun bikoitza erakutsi behar dutela sentitzea dago.
Nahiko gazte hasi nintzen lanean. Kazetaritza eta komunikazioa beti izan da nire bokazioa. Txikitatik, argi neukan telebistaren munduan ikusten nuela neure burua, eta unibertsitate ikasketak bukatu bezain laster, telebistan hasteko parada izan nuen. Geroztik, programa ugaritan eta proiektu garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izan dut, batez ere, hainbeste maite dudan kirolaren arloan. Ametsa egia bihurtu dudala esan nezake.
Baina egin dudan urrats bakoitzean, hortxe agertzen da mamua, nire iruzurtiaren sindromea, lortutako guztiari meritua kendu nahian. Behin baino gehiagotan sinetsarazi diot neure buruari izandako lorpen gehienak kasualitatearen uzta izan direla: une eta momentu egokian, toki aproposean egotearen ondorio. Behin eta berriz sentitu dut ingurukoen oniritziaren premia. Lan honetarako gai ez naizela pentsatu, eta ametsa bukatuko den beldurra; iruzurtia naizela deskubrituko duten unea.
Hitzak kolaboratzeko aukera eman zidanean, ez nuen birritan pentsatu; baiezkoa eman nuen. Gerora, ordea, ohi gertatu bezala, nire burua martxan hasi zen. Zergatik ni? Irakurleek kontatzeko ezer interesgarririk ez dudala deskubritzen badute, zer? Beste kolaboratzaileen mailan egoteko gai izango al naiz? Hortxe betiko beldurrak.
Ez naiz urte berriarekin neure buruari erronka berriak jartzeko zalea izaten, baina aurten jarri diot bat: emandako aukera guztiak aprobetxatu, eta lorpen guztiak, txikiak izan arren, baloratzen hastea.
Ez dakit ondo datozen hilabeteetan zer idatziko dudan, ezta irakurleon gustukoa izango den ere. Baina sinetsi nahi dut badudala zerbait zuei kontatzeko. Elkarren eskutik, iruzurti sentiarazten nauten beldur horiek eraisten has gaitezen.