Itxurakeriak
COVID-19 garai hauetan inoiz baino ageriago ikusi ditut neure kontraesanak: Postkonfinamenduko lehen lagun afarian, osasun neurriak zirela eta, tabernatik 23:00etarako bota behar gintuztelako hiru konbinatu hamar lagunen artean partekatzeko iradoki ziguten; aspaldi ikusi gabeko laguna besarkatu nuen maskara jantzi eta bi metroko distantzian azterketa bat egitera sartu aurretik; Zapato Azulera joan ez, eta Mutrikun egin genuen parranda; dendara sartzean eskura desinfektatzaile gehiegi bota eta lagunarekin elkarbanatu nuen, eskutik eskura. Ez dira denak nik eginak, eta ez ditut egindako denak hemen aireratu nahi, baina halakoak gertatzen ari dira. Ados, egia da agintariek ere ez dutela errez-errez jarri kontraesanetan ez erortzea: terrazetara nahi denean, kirola ordutegi jakinetan; lanera bai, parkera ez; kontsumitu bai, besarkatu ez.
Maskara non jantzi eta non kendu, laguna non besarkatu eta non egon bi metrotara, oraingoan ere, ez kutsatzean baino, itxurakerian dago gakoa. Teoria eta praktika eskutik joatea ez da inoiz erreza, ez pandemia garaietan ezta handik kanpo ere. Izan nahi duguna eta garenaren arteko amildegia tarteka txikitu arren, niri behintzat teoria askok egiten didate ihes, praktika orohar normatibo eta moderatuetara gerturatuz, adibidez. Normaltasun zaharrean beste edo agian gehiago dira normaltasun berriko inkoherentziak, lehen genituen guztiak gehi kutsatzeko beldurrek, itxurakeriek, protokoloek eta onarpen sozialak sortzen dizkigutenak.
Hauteskunde bezperetan gaude, itxurakerien eta kontraesanen garairik gorenean. Mitinetan maskararik gabe jaurtitako hitzak, maskaran korapilatuko zaizkie legealdia hastean. Udara sasoia hasita eta burua beste leku batzuetan dugula iritsiko dira hautetsontziak udalerrietara. Gure kontraesanetatik eta inkoherentzietatik aztertuko ditugu besteen kontraesan eta inkoherentziak, nork bere hautua egiteko. Aterako dira irabazle bat eta galtzaile bat baino gehiago. Ez da erronka makala izango datorrenari aurre egitea, baina maskara eta desinfektatzailez hornituta gaude. Ikusiko dugu zenbat denbora behar duten hainbeste garbitutako eskuek berriro zikintzeko.