Jaiak denontzat dira
Udan sartuta gaude. Sasoi horrek oporretara, lagunengana, familarengana eta herriko jaietara hurbiltzen gaitu. Sanjoanak igaro dira, udako solstizioaren hasiera, eguzkiaren jaia, gau magikoa, eta suak izan dira nagusi han eta hemen, erritoak, dantzak eta kantuak lagun. Lehenago, auzoko batek azaua eskuan zuela, gogor eraginez, suaren inguruan bueltak eman eta abesten zuen: «San Juan heldu da, sorgin-belarra galdu da. Sainoan eta sainoan…».
Herriko jaiek jatorri erlijiosoa dute, eta landa zikloekin lotuta egon dira; urtaro aldaketak, nekazaritza lanen garaiak eta giza bizitzaren etapak adierazi izan dituzte. Egun, aldaketak eman dira bilakaerarekin batera, garai bateko elementu soziokulturalak batzen dituzte eta kultura nortasunaren erakusgarri dira. Esanahi erlijiosoa nahikoa baztertua dago, eta jaiegunak tokian tokikoak badira ere, gure herriak gero eta heterogeneoagoak eta integratzaileagoak dira eta mugak lausoak dira; bakailoa pil-pilean kebabarekin nahasten da eta reggaetoia jotarekin. Azken batean, tradizioa eta berria uztartzen dira. Hala ere, batzuek iraganari eutsi nahi diote; beste batzuek, aldiz, aldaketa gura dute. Esanak esan, jaiak dituen herria, herri bizia da.
Esan liteke jaiak bere duela nolabaiteko katarsia, egunerokotik ateratzea, uko egitea, jan-edanak, desfasea; kutsu komunitarioa ere bai, kuadrillan, familian… espazio publikoan, belaunaldien artean, batera eta nahastuta ospatzen direlako; bestalde, iniziazio erritutzat ere har genezake, nerabeek helduarora iragaiteko sasoitzat: edatea, gaupasa… askatasuna, haurtzaroko loturak haustea…; eta jaiek aldarrikapenerako bidea ere ematen dute, ondo erreparatuz gero, mezu anitz ikusiko ditugu jendearen zapi eta kamisetetan.
Zoritxarrez, sasoi batetik hona, jaietan erasoak, emakumeen aurkako indarkeria, gutxiespenak, biolentzia, jarrera homofobikoak, arrazistak edota taldeen arteko borroka bortitzak ematen dira. Elkarrekiko errespetuz eta gizalegez jokatu behar dugu. Jaiak denontzat dira. Berdintasunean eta eraso gabe gozatzea bermatu behar da. Denon ardura da. Jaiak seme-alabak baloreetan hezteko ere aproposak dira, etxetik irten aurretik lekzioa ikasita izan dezaten.
Orain sanpedroak ditugu, eta holantxik beste hainbat eta hainbat uda osoan.Gogoan ditut gure herriko jaiak, giroa, orduko erromeriak, bizikleta lasterketa ere egoten zen, eta lau-bost neskato irrikitan egoten ginen irabazleei saria emateko, Tourra bailitzan, igo egurrezko kioskora eta. Garai horiek joanak dira. Orain ez dago lehengorik, baina datozen egunetan Tourra ikusteko aukera izango dugu berton.