Jakinmina
Gizakiak beti izan du bere inguruaz, izadiaz edota unibertsoaz esplorazio edota ikerketak egiteko gogo bizia, zalantzarik gabe bere jakinminak eraginda. Jakinminaren bitartez, jaso litezkeen gertaera asko aurretiaz igarri, ikusi edota ezagutu ditzakegu. Jakinmina dugu gure inguruaren eguneroko monotonian desberdin azaltzen zaigun gertakaria antzemateko gai den buru-jarduera. Nabarmentzat jotzen dugun gertakari edo jarduerari eskaintzen diogu gure arreta nagusia eta nabarmendutakoa gure biziraupenerako garrantzitsua baldin bada, barneratu eta geure egiten dugu.
Ikasketen eremura etorrita, egungo ikasleak oro har jakinmin oso urria azaltzen du ikasi beharrekoak dituen ikasgaiez eta horrek zerbait pentsarazi beharko liguke batez ere inork ez baitu inoiz ezer ikasten ikasi beharrekoak jakinminaren pizgarri dugun motibazioa edota berariazko ekarpen intelektualik eragiten ez badu. Ikasteko funtsezkoa da aipatu hasierako suspergarri berri eta interesgarria, horrelakorik gertatzen denean baino ez baita jakinmina bere indar eta kemen guztiaz azaltzen. Egia esan, gizakiaren jakinminak edo gauza berriak ezagutzeko nahiak, gero eta ezagutza maila handiagora garamatza, ez bakarrik jakintza orokorrari dagokion eremuan, baita ikastetxeetan, unibertsitatean edota zientzia-ikerketetan lortuz dabiltzan jakintza mailetan ere.
Neurozientzietan egindako ikerketek, ezagutza eskuratzea, hau da, ikasketa eta ikaskuntza bidez lortu nahi duguna ezagutzera iristeak, egoera latzetan biziraupenerako ezinbesteko ditugun ura eta elikagaiak aurkitzera bultzatzen gaituzten jardueren oinarri neural berdinak partekatzen dituela baieztatu dute. Beraz, ikaskuntzaren bitartez asebetetzen den jakinminaren buru-oinarria atsegintasuna da eta, beraz, horretatik eratorri dezakegun ondorioa hauxe da: ezagutza lortu nahiak eta ezagutza hori lortu ahal izateko hartutako erabakiak, biologikoki guztiz atsegingarri ditugu.
Jakinmina umeen nortasunaren berezko ezaugarria dela adierazten da hainbatetan baina bestalde egia da berariaz jakinminik ez duten umeak ere badirela.
Lehen Hezkuntzako berezko jakinmina duten ikasleei egindako ikerketek, umeen jokabidean bereizgarri pertsonal gisa ondorengoak hautematen direla egiaztatu dute: lehenik eta behin, ikaslearen inguruan egoera berri, arrotz edota misteriotsurik gertatzean baikortasunez erantzutea, aztertu edota ikertzeko asmo bizia agertuz. Bestalde inguruko gertakariez edota ikaslearen beraren izanari buruz gehiago jakiteko grina edota beharrizana erakusten dute.
Hirugarren, indusketa eta miaketarako berezko joera dute, esperientzia berriak aurkitu nahian inguruan etengabe arakatuz. Azkenik, inguruko sustagarriak aztertzen dituzte, gehiago jakite asmoz. Egungo gazterik gehienen heziketa, zoritxarrez, jakinminaren eraginez baino buruz gauzak ikasteko ekinez gauzatzen da, horretara emaitza eta etekin bikainak lortzetik urrun direla. Lehenbailehen, ikasleei jakinmina xiringatu behar zaie, bera baita jakintza maila jasoetara igotzeko ezinbesteko gaitasuna.