Jon Fernandez kazetaria
Ezinezkoa da herrialde baten esentzia kristalezko potetxo batean gorde eta maletan etxera ekartzea. Horren ordez, greziar musika tradizionalaren disko bat erostea erabaki nuen pasa den martitzenean Atenasen. Musika herrikoiak beti gordetzen du tokian tokiko izaeraren traza bat. Akropolipeko Plaka auzoan topatu nuen diska denda bat, eta bertan ezagutu nuen Barbara.
Kantoi bat zen denda, oso txikia, baina ondo aprobetxatua. Hiru metro karratu izango zituen, eta paretarik ere ez zen ikusten: dena zegoen diskoz beteta, eta greziar musika entzuten zen bozgoragailuetatik. Barbarak gomendatu eta saldu zidan diskoa, eta ezinbestean Syrizaren garaipenaz berba egin genuen. «Ikusiko dugu zer egiten duen. Nik badut gauzak aldatuko direnaren itxaropena». Esperantza baino, beharra du Barbarak, egoera gordina delako. «Hamabi urteko alabak autobus bat harzeko bi euro eskatu zizkidan atzo, eta ezin izan nion eman. Ez dauzkat bi euro emateko. Oso gogorra da. Itsulapikoan zituen azken txanponetatik hartu zituen bi euroak».
Aitortu zidan disko dendarena ez dela benetan bere beharra. Anaiarena da denda, eta orain, laguntza modura, astean bi egun egiten ditu bertan. «Zentro komertzial batean egiten nuen lan», azaldu zidan 40 urteko Barbarak. «Urrian kaleratu ninduten, beste dozena bat lagunekin batera». Duela hiru urte soldata 830 eurotik 630 eurora jaitsi zioten, eta urrian kaleratu egin zuten, bere ordez gazteagoak kontratatzeko hilean 230 euroren truke. «Hau miseria da, eta bi alaba ditut mantentzeko».
Barbara bezalako jende askok eman dio botoa Syrizari. «Hau ez dela aldaketa erradikal bat, aldaketa utilitario bat baizik», azaldu zidan Dimitris Khristopulos politologoak Berria-rako egindako elkarrizketan. «Autoarekin zuzenean amildegi baterantz bazoaz, badakizu, zure bizitza salbatu nahi baduzu, behintzat, azken momentuan autoa jiratu behar duzula». Horixe gertatu da Grezian. «Buelta ematen ahalegintzen ari gara, maniobra arriskutsua dela jakinda». Eta zaila izan arren ez dute galdu itxaropena. Lerrook idazterakoan jarria dut Barbararen diskoa, eta baikortasuna darie greziar doinuei.