Kausalitatea, konexio magikoen eragilea
Aurreko egunean, orain dela urte batzuetako oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura. Han nengoen, nire amarekin, etxean, bere ikasleekin egindako proiektu ikusgarrietako bat erakusten eta azaltzen zidan bitartean. Agian momentu horretan erabaki nuen irakaslea nahi nuela izan. Izan ere, urte batzuk barru, magisteritzako unibertsitatera sartu nintzen. Eta, gaur egun, ikasle konkretu batzuen tutore naiz. Nire ama irakaslea izango ez balitz eta pasio hori transmitituko ez balu, akaso ez nintzateke irakaslea izango, ezta artikulu hau idazten egongo. Dena da kate bat.
Honi jarraiki, sinesmenen sistemak eta, ildo horretatik, gure pentsaerak, gure identitatea zein gure zirkustantziak determinatzen ditu. Izan ere, hauen arabera, erabaki edota ekintza batzuk gauzatuko ditugu. Horrenbestez, gure existentziaren parte diren kanpoko gertaerak gure barne prozesu emozionalen erreflexua dira. Horregatik, garrantzitsua da gure burua ezagutzea.
Honekin lotuta, ekintza guztiek ondorio jakin bat edo batzuk dituzte. Norbaitek helburu bat betetzen duenean, esan ohi da zortea izan duela, kasualitatea izan dela. Pentsatu beharko litzateke ea hori horrela den edo benetan pertsona hori ekintza ezberdinak lotzen joan den azkenean helburu bat lortzeko. Beharbada, gertaera kasualak uste ditugunak baino gutxiago dira. Izatez, ez gara hausnartzen jarri zeintzuk izan daitezkeen ustekabeko gertaera bat eragin dezaketen arrazoiak. Baliteke gu ez izatea guztiz kontziente egiten ditugun ekintzek, edota baita egiteari uzten ditugun horiek, ondorioak dituztela. Orduan, kasualitateak gutxiago izaten hasten dira, ohartzen garelako hauek norbaitek zerbait egiteagatik edo zerbait egiteari uzteagatik gertatzen direla.
Halaber, gure egunerokotasunean erabaki ezberdinak hartzen ditugu, etengabe, egoera berrietara eramaten gaituztenak, behin eta berriz. Bizitza guztia igarotzen dugu konexio ezberdinen haria eratzen, ikusezinak diren loturak. Hauek esnatzen garenetik lokartzen garenerarte egiten ditugu. Eta norberak bere orainaldiarenganako kontzientzia hartzen duenean eta hau behatzen duen momentuan, hari hori elkarlotu egiten da eta konexio magikoak eta ikusgarriak gertatzen hasten dira. Horrenbestez, kointzidentziak ezin dira kasualitateak deitu, kausalitateak baizik. Zerbaitetan hainbeste sinesten dugunean, konturatzen gara benetan kasualitatea ez dela existitzen. Berez, kausalitatean sinesten duenak hauek gertatzeko lan egiten du eta ateak sortzen ditu hauek azaleratzeko.
Gauzak horrela, batzuetan, pentsatu, atzera begiratu eta zera galdetzen diot neure buruari: Zerk ekarri nau hona? Zertarako egiten dut gauza bat edo bestea? Zentzua al dauka egiten nagoenak edo egiten ez nagoenak? Galdera hauei erantzuna emateko modu bakarra zera iruditzen zait: gelditzea, sentitzea eta bizitzan benetan garrantzitsua den horrekin konektatzea. Izan ere, orainaldi horretatik bakarrik, gauza ikusgarriak gertatuko dira. Horrela, etorkizuna erakarriko duzu zuregana, orainaldi bihurtuz. Eta halako batean, iraganetik hona ekarri zaituzten puntuen lerro horrek zentzua emango dio zure bizitzako egun guztietan zehar egin duzunari. Egun horietan egin izan zenuen hori gabe, ez zinateke gaur hemen egongo. Eta puntu horretatik soilik onartu dezakezu maitasunez nor zaren eta baita “ni” hobeago bat azaleratzea lortu ere. Beraz, zentzua al dauka egiten nagoenak? Zentzua al dauka naizen horrek? Egin dezakedan onena egiten ari naiz? Nire bertsiorik onena al naiz? Ezer ez da kasualitate sinple eta hutsa. Ez da zortea. Dena da kausalitatea, konexio magikoen eragilea.