Ketchupa
Ganbarako zaborra garbitzeak danatarik dauka: Batetik, honezkero ahaztuak zeunkazan altxor txikiak bizibarritzen dozuz; bestetik, ostera, hortik zehar barreiatuta eta izkutuan egozala jakin bazenkian baina onartu gura ez zenduan hamaikatxu amesgaiztogaz topo egitea be toketan jatsu.
Hauts eta zikinkeria artean isolaturiko egunkari sorta bateko lehen alea begiztau dot; 2006ko kontuak, inongo traba barik 2019koak izan ahalko litzatekezenak: Juan Diego Yllanes hiltzaileak kartzelatik urten dauela leidu dot titularrean, Nagore Laffageren hilketeagatik sei urte besterik bete ez dituanean. Halako albisteak irakurten dodazanean, J.D. Salingerren Holden Caulfield gomutetan dot, zekale soroetan hiltera joiazan umeak harrapau gura eta ezin zituan pertsonaia sentikor nahiz berezi ha. Amesgaiztoa zan harentzat: jakin baekian umeak hil egingo zirala, baina bere besoak txikiegiak ziran, edo soloa erraldoiegia, eta ezin zituan geldiarazo.
Geure besoak be ñimiñoegiak dira, edo mundua zabalegia; albiste txarrak erauntsian datoz, saldoka, ezker-eskuma, egunean-egunean, eta hareek geratzeko baldarregiak gara. Ez naz inori kartzelea opa zale, kontraesan handiegiak sortzen deustaz horrek. Gehiago naz, oro har, Angela Davisek aipatzen dauan abolizinoaren aldekoa. Kartzelak eraistearen aldekoa, hain zuzen. Denporeak eta eskarmentuak erakutsi dabelako, izan be, taberna bateko istilu tuntun batetik –adibide ohiko bat ipintearren– galtzaile subertauriko danek irauten dabela barruan, Amedo, Barrionuevo, Galindo eta Juan Diego Yllanes guztiak libretan diran bitartean.
Kartzelea hori da, hori izan da mendeetan, eta hori izango da etorkizunean be: kosmetika hutsa. Esaten deutsue badala zulo sakon bat, gaiztokeria dana gordetekoa, ordena alteretan dauan oro han giltzapetuko dabela; baina, ordua heltzen danean, trilero miserableen modura, tranpa egin eta, jakina, librau egiten dira. Yllanes, emakume bat bere eskuakaz hil eban piztia, ha zelan akabau eban kamera aurrean deskribidu ebana, eginikoa izkutetako Laffageren atzamarrak ebagiteko gai izan zana, bizitza inuzente bat betiko amatau ebana, mundu honi ezer onik ekarriko ez deutsona, sinple-sinplean, «euretako bat» da. Familia oneko bat. Eta, egun, kalean dago.
Ez dakit ez noz, ez non irakurri neban hanburgesa etxe ospetsu baten okelea aztertzen hasi eta kaka topau ebela. Argitu ebenez, antza, okelea txikitzen hasita, heste-zatiak be barrenera botaten ebezelako pasetan zan, okela ona eta hondakinak nahastetan zituelako, herri xehearen mahai xeheetan zerbitzatzeko. Hain urria zan kaka-kopurua okelean, non jatean ez zenduan ha igarri be egiten. Kola freskagarriagaz nahiz patata frijiduakaz batera irunsten eban jenteak, jaten ebilena jakin barik edo, behintzat, sentidu ezinik.
Justiziagaz bardin antzean pasetan da: okela txukunaren erdian sartzen deutsue kaka, jan egiten dozu eta listo. Usaimen finik ez badozu, ez zara enteretan. Eta, kargutzen bazara be, zer ardura dau… ketchup apurtxu bategaz ez da igarten.