Kliska batean
Irakasleok etxetik lan egitera pasatu gara momentu batetik bestera. Kliska batean. ‘Klik’ egin eta ikasleak kilometroetara, pantaila baten atzean. Halako batean, irakasleon buruan, galdera hauek dabiltza bueltaka: Zer egin? Nola kontaktatu? Nola lagundu? Nola jakin zer nahi eta behar dituzten momentuoro? Galderak anitzak dira.
Honekin lotuta, hilabete hauetan irakurri izan dut arrakala digitala sustatzen gaudela irakasleok ikasleen artean. Izan ere, baliabide digital ezberdinak lortzen saiatu gara. Eta lortu dugu bata edo bestea. Baita, papera erabiltzearen aukera ere eskaintzen zaie, fotokopiak ematearena, eskolan bertan. Fotokopia horiek posta arruntez ere bidaltzen dira. Beste baliabide bat. Eta egiten gabiltza. Irakasleak berak bidalita eta bere poltsikotik ordainduta. Egia esan, nire kasuan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilpenak asko errazten eta hobetzen dit lana. Horrek, denbora ematen dit gero beharrizan eta zailtasun gehien dituzten ikasleei arreta berezi zein pertsonalizatua eskaintzeko. IKTak ez bagenitu erabiliko, 24 korreo arrunt bidali beharko nituzke kontaktatu nahi izanez gero, edota 24 fotokopia ezberdin eraman eskolara. Egunero, astero… Batek daki zenbatero. Honek, ikasle bakoitzari eskainitako denbora murriztuko luke, eta aldiberean, zailtasun eta beharrizan gehiago dituzten horiei nahikoa denbora dedikatu ezin. Eta kalitaterik gabeko eskaintzak. Horrenbestez, defendatzen dudan ekitatearen printzipioa bermatzeko lagungarriak zaizkit oso IKTak.
Beste baieztapen batzuek diote IKTenganako menpekotasuna eragiten gaudela baita. Esan bezala, fotokopiak ere proposatzen dira, nahi izanez gero. Agian, bideodeien kontuarengatik diote hori. Astean behin, birritan edota hirutan egitearren, 15-20 minutuz. Irakaslearen arabera. Eta… Ez al dakar poztasunik ikasleengan? Irakasleongan? Familiengan? Honen inguruan, ez dakit momentu hauetan IKTen aurka dauden horiek zeintzuk proposamen egiten dituzten (IKTen erabilpen egokietaz ez dute hitz egiten. Ezta onuretaz). Irakasleak zein ikasleak eta familiak martxotik irailera arte elkar ikusi eta komunikatu ez (irailean bueltatuz gero, beti ere)? Mar Romera irakasleak dioen moduan, «telelanarekin, gure lorpen handiena da ikasleek gu presente gaudela sentitzen jarraitzea». Hortaz, bideodei batek nire ikasleak poztuko baditu, egin egingo dut, eta egin izan dut. Poztu behar baditut, poztu egingo ditut, eta egin izan dut. IKTekin edo IKTrik gabe. Edozein modutan. Baina egoera honetan, nola bestela?