Kontraesanak
Nork ez daukaz kontraesanak bere bizitzan? Horretatik inor ez gagoz salbu. Sarri biluzten gaitue ispilu aurrean, erabagiren bat hartu behar dogunean, gure kontzientzietan lurrikaratxoak eraginez. Beti ez da erreza izaten norbere printzipioekin koherentea izanda bizi izatea, edota gizarteak ontzat emoten deuskuzan baloreak betetea.
Lehengoan, ezagun bategaz berbetan, eskola publikoaren aldekoa zala, baina umea ikastetxe itundu batean matrikulau ebala esan eustan, horretarako arrazoi ezbardinak argudiatuz. Handik gitxira, autua aldatuta, garraio publikoa erabiltea asko kostetan jakola aitortu eustan. Konsziente zala garraio publikoa erabiltearen onurez, eta gehiago erabili beharra eukala, baina aukera eukita be kosta egiten jakola kotxearen erosotasunari uko egitea.
Ba bai, holakoxe kontraesanetan bizi gara gehienok, herritar zein agintariak, egin nahi dogunaren eta egiten dogunaren artean, izan nahi dogunaren eta garenaren artean, eta inor ez gagoz hortik libre.
Groucho Marxen esaldia primeran beteten dogu: «Honexek dira nire printzipioak, baina gustetan ez bajatzuz, beste batzuk daukadaz».
Kontua da geuk gustukoak izanda be, aldatzen ditugula, konbenientziara, nahieran, konturatuta edo konturatu barik: euskera maite dogu, baina erderaz egin; energia garbiak bai, baina haize-errotak etxetik urrun; kilometro 0 produktuak onenak, baina urrunekoak erosi; migratzaileak bai, baina ez guztiak; gazteek ez dagiela telefonoa larregi erabili, baina helduok burua altxatu barik; herrietako dendak altxorra, baina erosketak Amazonen; bakea aldarrikatu, gerrarako prestatuz; umeen lan esplotazinoari ez, baina umeek egindako erropa merkeak erosi bai; berziklatzea garrantzitsua, baina nagitasuna handiagoa; iruzurraren aurka, baina diru baltzean, merkeago ordaintzeko aukerak aprobetxatuz; kontsumo arduratsua bai, baina norbere nahiak bete eta gero; urruneko pobreak kezkatzen gaitue, baina hurrekoek ez; lan baldintza duinen aldekoak, etxean kontratupean langileren bat hartu behar izan arte; bardintasuna bai, baina tamainuan; baserritarren lana goraipatu, baina euren lanaren fruituari garestiegi eritxi erosteko; mundo bidezkoagoaren aldekoak, baina geure erosotasunetik mobidu barik;…
Zutabe hau amaitu da, baina kontraesanak ez. Beraz, etxerako lanak ipiniko deutsuedaz: etenpuntuen ondoren zeuek jarraitu zerrenda osotzen, seguru hemen agertzen ez diran eta gehienok egiten ditugun beste pilo bat akordetan jatzuezala.