Kontraesanak
Gizakiok kontraesan asko izaten ditugu. Denok ari gara geure iritziak aldatzen egoerak aldatzen dihoazen heinean. Adinak, batez ere, pentsakera aldatzea dakar. Fisikoki aldatzen goazen modura, mentalki ere berdin gertatzen da. Ez dauka zer ikusirik umetan edo gaztaroan daukagun pentsakerak, eta helduaroan edo zahartzaroan daukagunak. Zer irakurri, zer entzun, zer ikusi, ze girotan bizi garenaren arabera, modu bateko edo besteko pentsakera izango dugu.
Gaur egun hainbeste aipatzen den berdintasuna albo batera utziz, desberdintasuna da hitza. Desberdina izatea naturak emandako doaia da. Desberdintasun horrek bizitza interesgarriagoa egiten du, ordaindu ezinezko aberastasuna da. Kontraesan guztiekin, batzuen eta besteen indarrak batuz, gizarteak aurrera pausoak ematen ditu. Zientzian gertatzen dena da horren adibide.
Baina dena ez da positiboa. Denok mundu hobe baten bizi nahi dugu, ingurumen garbi batean. Ozeanoak, itsasoak, ibaiak, errekak, mendiak… dena garbi edukitzea nahi dugu. Baina gure portaera ez doa nahi horrekin bat. Denok nahi dugu osasun ona eduki. Osasun zerbitzu on bat, profesional onenekin. Baina osasunaren kontrako portaerak ditugu. Inoiz baino gehiago hitz egiten da elikadurari buruz, baina inoiz baino loditasun arazo gehiago dago.
Gaur egun, informazio asko dago alkoholak eta drogak eragiten dituzten kalteei buruz. Zirkulazio kontroletan, alkohol eta drogen emaitza positiboak gero eta gehiago agertzen dira, beraien eta besteen bizitzak arriskuan jarriz. Askatasunaren izenean, bakoitzak nahi duena egin ahal omen du, baina ondorioak kontuan hartzen baditugu, askatasun horrek ez dauka zentzu handirik. Kasu horietan kontraesanak ez dira samur ulertzekoak.
Politikan ere ez dira falta kontraesanak. Historikoki basakeri handiak egin dira eta egiten dira tolerantziaren, askatasunaren eta berdintasunaren izenean. Alde bateko eta besteko diktadurak, teorian, prinzipio horietan oinarritzen dira. Kasu argia 1789ko Frantziako Iraultza da. Argi eta garbi, esplizituki, ospe handia izan zuten hiru hitz horietan oinarritu zituen bere ekintzak: «Égalité, Fraternité, Liberté». Baina iparraldeko euskaldunentzat, adibidez,oso ezkorra izan zen. Haren ondorioak pairatzen ari dira gaur egun ere. Frantzia guztian, askatasunaren izenean hizkuntza guztiak desagerrazi zituzten, frantsesaren alde.
Gure garaira salto eginez, Euskal Herriko hegoaldean, herritarren aldetik ere ez dira falta kontraesanak. Teorian, euskara maite dugula esaten dugu, baina praktikak ez du hori erakusten. Gure ikurrina ezagutzen ez duenik ez da egongo, eta Euskadiko ereserkia zein den, berriz, ia inork ez daki. Estatuen bandera eta ereserkien garrantzia oso erlatiboa da, baina herrialde bakoitzak bereak ez ezagutzea ere kontraesana da. Hori da gure kasua.