Kontrako bi ideia, bidea publikoa izanik
Euskal gizartea bere hezkuntza-sistemaren oinarriak zehazteko prozesuan murgilduta dago. Asmo nagusia egungo segregazioarekin bukatzea izan beharko litzateke, hezkuntza sistema publiko-pribatuak desberdintasun sozialak suspertzen baititu. Horregatik, hezkuntzaren zein gizartearen etorkizun kohesionatua bermatuko duen ibilbide bat markatu behar dugu, sare bakarrekoa. Bide hori gauzatzeak irakasleon eta baita hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea eskatzen du, alderdi politikoetatik haratago, lorpen errealak eta esanguratsuak eskuratzeko helburuarekin.
Izan ere, sistema dual horretan, Eusko Jaurlaritzaren partetik ikastetxe pribatu eta kontzertatuek tratu hobea jasotzen dute eskola publikoek baino, azken hauek ez baitituzte behar bezala zaintzen eta lehenesten. Horrela, gobernuak hezkuntza-sistemaren kontrolik gabeko pribatizazioa bultzatzen du, segregazioa areagotuz eta gizarte-kohesioaren apurketa eraginez.
Horrenbestez, gizarte kohesioa lortzerako bidean, publifikazioaren aldeko benetako apustua egin behar dugu. Horretarako, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion parte hartzea ezinbestekoa da, denon erantzukizuna izanik.
Hasteko, Hezkuntza Sailari dagokionez, hainbat gauza dituzue hobetzeko: irakasleon lan baldintzak, ikasle eta irakasleen arteko neurriz kanpoko ratioak, azpiegituren baldintzak, ordezkatu gabeko irakasleen hainbeste baja eta horrek lanean dagoen irakaslegoarengan dakarren gehiegizko eta neurrigabeko gainkarga, eta abar. Eskatzen ditugun aldaketa hauetan benetan inbertitu behar da, egiazko esku hartze eraginkorren eskutik, propagandak eta hitzontzikeriak alde batera utziz.
Honi jarraiki, irakasleok, mugi gaitezen, Euskal Eskola Publikoa defendatuz baina baldintza hobeak eskatuz, guretzat zein eskola komunitate osoarentzat. Eskolan eta hortik at ere borroka egin dezagun, ahotsa altxatuz, entzun eta sentitu gaitzatela. Norabide berean, gurasooi ere zuon seme-alabak Euskal Eskola Publikoan matrikulatzera gonbidatzen zaituztet, guztion artean irakaskuntzaren eta eskola publikoaren ospea eta duintasuna sendotu behar ditugulako, bidegabeko gutxiespena sumatzen baita esparru ezberdinetatik.
Ondorioz, segregazioaren eta desberdintasun sozialen aurka egiteko, aukeratu ezazu publikoa. Gizarte kohesiorako eta denon ongizaterako, defendatu publikoa. Hezkuntzarekiko badaude kontrako bi ideia, bidea publikoa izanik. Batu zaitez!