Koronabirusa
Bat-batean egoera latz honekin aurkitu gara. Inork inoiz ezagutu ez duen egoera gogorrena. Etsaia non dagoen jakinda, harengandik defendatzea samurragoa da. Baina, kasu honetan, ikusezina eta oso-oso kutsakorra da. Jendeak arduratuta bakarrik ez, beldurtuta egoteko arrazoiak ditu.
Historia osoan izurrite bat baino gehiago izan dira. Datuen arabera, batzuk beldurgarriak. Baztangak edo nafarreriak 300 milioi pertsona hil omen ditu. Sukar horiak beste pila bat. Elgorriak 200 milioi. 1346an izurrite bubonikoak 25 milioi Europan eta 60 bat Asian eta Afrikan; izurrite hori sarri berpiztu omen da historian. Tifusak 4 milioi, kolerak 3 milioi XIX. eta XX. mendeetan. 1918an «izurrite espainiarra» bezala ezagutu zenak 50 milioi pertsona hil zituen zazpi hilebetean. Gure gazte denboran, 1957-1958an, «asiako izurritea» deiturikoak 1,1 milioi hil zituen. 1981etik hona Hiesak 32 milioi hil ditu. XXI. mendean beste izurrite batzuk ere ezagunak izan dira: SARS, hegaztien gripea, ebola, denge eta beste asko.
Datu horiek, beste askoren artean, Interneten jaso ditut. Zenbakiak ez dira zehatzak,baina ideia bat egiteko balio dute.
Izurriteen historia beldurgarria dela garbi dago. Harro geunden zientziaren aurrerapenekin lehenengo mundua deitutako gizartean ia dena kontrolpean genuela uste izanda. Baina koronabirus honek begiak ireki dizkigu ikusteko ez dela horrela. Bagenekien kontinente batzuen lurralde txiroetan horrelako izurrite edo antzekoak gertatzen zirela. Baina oso urruti ikusten genituen eta euren osasun sistema urriarengatik zela uste genuen. Zalantza barik, horrek ere bere eragina duela garbi dago, handia gainera. Zeintzuk diren izurrite bakoitzaren jatorriak zientzilariek jakingo dute, baina koronabirus honek inor ez dagoela salbu ere erakusten digu.
Une honetan gure bizitza aldatzera behartu gaitu. Hasteko, etxebizitzetan sartuta bizi gara. Gehienentzat egoera gogorra izaten ari da, batez ere irakurtzeko edo beste zaletasunik ez dutenentzat. Baina, beste aldetik, egoera desberdinek aukera berriak eskaintzen dizkigute. Bakoitzak bere barrura begiratzeko eta bere burua hobeto ezagutzeko aukera da une hau. Eta, oro har, gizarteak berak hausnarketa sakona egiteko unea izan daiteke. Izan ere, adituek esaten dutenez eta historian izandakoak kontuan hartuz gero, izurriteek errepikatzen jarraituko dute, eta, globalizazioa tarteko, mundu guztira zabaltzeko arriskua gero eta handiagoa da.
Munduaren ikuspegia aldatzen ari da, eta urrunen gertatzen diren gertaerak gero eta eragin handiago dute munduko toki guztietan. Honek norbanako guztion pentsakera aldatzea dakar, eta baita ere toki guztietako gizartearen portaera.