Kulturan biziraun
“Hortik bizi zintezke?”. Zenbat alditan egin ote diguten galdera berdina kultur sorkuntzan profesionalki lan egiten dugunoi. Kalean ordutegi desberdinetan bueltaka ikusten nauten herritarrek ere, «ez zaude lanean ala?», galdetzen didate. Oraindik kultur sorkuntza denbora pasa moduan hartu ohi denaren seinale paregabeak, egunero nire gorputzean sufritzen ditudanak. Eta sufritzen diot, gehienetan umorerako joera izan arren, garai latzak ditugulako kultur sektorean ere. Asko gara, baldintza juxtuetan (prekarioetan ez aipatzearren ) beste lan batzuetako aukerak utzi eta profesionalizazio bidean aurrera egitera ausartu garenak. Hitz potoloa berau; profesionala.
Euskarak eta Euskal Herriak, herri eta hizkuntza txiki moduan beharrezko du kultur sare profesional bat, bere soldata eta lan baldintza duinekin. Sortzaileok egiten dugun lanaren bidez herrian egiten dugun ekarpena baloratzeko hausnarketa kolektibo handia falta zaigu oraindik. Hausnarketa goian (instituzioak) eta behean (elkarte, herritarrak, herri mugimenduak etab.).
Instituzioetatik turismora bideratutako kultur eredua goretsi da azken aldian (Gugenheim, BBK Live, MTV etab.). Eredu hori ikusgarriena da politikari baten ikuspegitik: argazkiak, prentsaurrekoa eta jende kopuru handiak. Azpiegitura eta dirua ipini, eta listo! Tamalez, pixkanaka, eredu hori diputazio eta hirietatik herrietara zabaltzen ari da, horrek dakartzan arrisku guztiekin (enpresa handien lan baldintzen esplotazioa, atzerriko hizkuntzen menpekotasuna, balore neoliberalen bultzada etab. ) Eta hor dagokigu, sortzaileoi, herritarroi, elkarteoi eta herri mugimenduko kideoi presioa egitea. Zertan inbertitu nahi dugu gure dirua? Inguruko sortzaileak eta ekimenak babestuko ditugu edo enpresa multinazional neoliberalei irekiko dizkiegu ateak?
Zorionez, elkarte eta herri mugimenduetan beste eredu batzuetan egiten da lan, normalean, baina badago zer hausnartua hemen ere. Sortzaile asko gara behetik gorako bidea egin dugunok, milaka ordu boluntario eskaini ditugunak antolatzaile, sortzaile, laguntzaile edo bultzatzaile moduan. Eta kosta egiten zaigu «behekoei», gure lana ordaindua izan behar dela eskatzea. Kosta egiten zaigu eskaera batzuetan gure lanari prezioa jartzea. «Etorriko zara ekitaldira? Idatziko didazu bertso bat? Grabatuko didazu bideo bat? Aurrekontuz justu gabiltza, baina etorriko zara?». Agenda eskaeraz betetzen zaigu, baina horietatik lan ordainduaren ehuneko portzentaia zenbat izan ohi den… Hausnarketa ariketa erraz bat egitera gonbidatzen zaituztet: Etxean itogin baten eraginez, bi aukera posible ditut. Alde batetik, nik neuk konpondu nezake, edo bestetik, iturgin bati deitu niezaioke. Iturginari, normala den bezala, ez diogu ea dohainik etorriko den galdetuko. Ekintza askotan ere hausnarketa sinple hori egin behar genuke. Ez dugula aurrekonturik? Ba geuk gure baliabideekin egin beharko dugu, edo bestela profesional bati deitu, ordainduta.
«Hortik bizi zintezke?», galdetuko didate berriro ere, eta nik, «biziraun» erantzungo dut. Greba digitalak zer hausnartua utzi duenaren sentsazioarekin, jarraitu dezagun irakurtzen, zinemara joaten, antzokira joaten eta kaleko ekimenak pentsatzen. Jarraitu dezagun, kulturaren bidez, norbere kritikotasuna aktibatzen.
Animo eta gora bihotzak!!!
–Eneko Arrate Sololuze