Langileok ez gara sab(k)el hutsa. Burua eta bihotza ditugu.
Badirudi eman duela eman behar zuena martxoaren 17rako sindikatuek deitu zuten greba orokorrak. Langile klasearen poltsikoen kontrako erasoari, kontentzio lan bat egin nahian planteatu den greba bat. Langileen beharrez baino alderdi sozialdemokraten beharrez gehiago hitzegiten duen grebaren formaz harago, azken hilabete eta urteetan sindikatuek langile klasea tratatzeko daukaten forma ekonomizista kezkatzekoa dela deritzot.
Izan ere, langile klaseari kezkatzen dion bakarra bakoitzaren poltsikoa delako ideia nagusitzen ari dela dirudi sindikatuen azken greba dinamikak aztertzen baditugu. Beste zerbait ikusi ahal izan genuen Lekeition greba egunean bertan goizean antolatutako ekimenetan.
Guztiek altxatzen zuten burua bakoitzaren soldataren preokupaziotik. Herritik zehar zihoan piketeak lan baldintza berdinak, etxebizitzara sarbide unibertsala edota baldintzarik gabeko errolda aldarrikatu zituen. Eskoletako langileek antolatutako elkarretaratzean hezkuntza prozesuak berak bizi duen usteltze prozesua seinalatu zen, langileen lan karga edota gehiegizko zerbitzu minimoez gain. Erresidentziako langileen elkarretaratzean ere kezka gehiegizko lan karga, antolatutako langileekiko gutxiespena eta lanaren antolakuntza falta ziren.
Hain zuzen, langileon kezka ez da norbere ongizatea bakarrik. Europa osoa aspaldiko krisi ekonomiko sakonenaren atean dagoen garaiotan, klase perspektibatik ez dirudi oso zuhurra Pradalesek edo Otxandianok euskal herriko langileriarentzat 100 euro gehiago erregutu ditzaten eskatzea.
Aurtengo maiatzaren 1ean Iruñean mobilizatuko gara negozioa egiteko guztion bizitzak arriskuan jartzen dituzten elite enpresarial eta politikoen aurka. Gerra inperialistaren, NATOren eta Europar Batasunaren aurka. Ez baitago prebentzio metodo hoberik posizio egokiak hartzea baino, guztion etsaiak zeintzuk diren seinalatuz. Izan ere, orain arteko “Ongizate Estatuak” desagertze bidean egotea zein mundu mailako gerraren erabilera politiko eta ekonomikoa txanpon beraren bi aurpegiak dira: burgesia gizartea(k) berregituratzen ari da eta horretarako edozer egiteko prest dago. Eginbehar internazionalista eta gure bizi baldintzen defentsa bat datoz perspektiba honetatik.
Borroka garaia da. Indiferentzia alde batera uztekoa eta emozionatzekoa. Baina gehien bat antolatzeko garaia da. Langileok ez baikara sabel hutsa, burua eta bihotza ditugu. Eta gero eta bizkorrago doaz. Maiatzaren 1ean goazen denok Iruñera!