Lehoiak, elefanteak eta kokodriloak nonahi
Beti iruditu zait bitxia nola dakigun horrenbeste Afrikako sabanan bizi diren animalien inguruan. Nork ez daki nolakoak diren lehoiak, elefanteak, jirafak, kokodriloak, bufaloak, geopardoak,… inoiz ez ditugu ikusi gure bizitzan, baina, hala ere, badakigu non bizi diren, zelako tamaina daukaten edota beraien dieta zein den.
Egin ezazue proba, galdetu zuen ingurukoei animalia hauen inguruan, ziur nago hamar pertsonatik bederatzik gutxienez badakitela.
Beti kontatzen dut anekdota hau nire inguruko jende artean, baina, bueno, hemen ere kontatuko dut. Aspaldi batean aitona-amonak bezala nabil, beti gauza berdinak esaten.
Nire bilobarentzat opari bat erostera joan nintzen, ordurako jada bi-hiru urte izango zituen. Panpinekin jolasten hasi zela eta animaliaren bat oparitzeko ideia okurritu zitzaidan, oso originala osaba Jon.
Dendetara sartzen hasi eta han ibili nintzen bueltaka, hara eta hona. Lehoiak handik, elefanteak hemendik, jirafak bestetik,… momentu batez dendaren erdi-erdian gelditu nintzen, eta esan nuen: “Nola liteke? Arratsalde osoan bueltaka eta ezin aurkitu izatea bertoko animalien panpinarik?”
Ezin izan nuen ez dakit orkatzen bat, azkonarren bat agian edota basurde bat erosi. Bakarrik lehoiak, kokodriloak edo jirafak zeuden. Bueno ez panpinarik, ez libururik ezta puzzlerik, ezer ere ez.
Umeek lehoi bat nolakoa den arinago ikasten dute basurde bat nolakoa den baino.
Nola konektatuko dute bertoko natur eremuekin zer dagoen ere ez badakite. Urrunegi dago beraientzat, eta guk ere ez diegu askorik laguntzen. Eta ez pentsa, lehenengoa osaba Jon. Badakizue azkenean zer oparitu nion nire ilobari, ezta? Hori da, lehoi panpina bat.