Lekeitioko EH Bildu: 'Lekeitiarrak euskeraz'
Badator Euskararen Nazioarteko Eguna eta atara barri dira 2017ko euskararen erabilera datuak. Lekeitioko emaitzek harridura sorrarazi deuskue, onerako: batazbeste %65eko erabileratik %84ra egin dogu gora. Ez gagoz kanpaiak joteko modura, baina esan leike eten egin dala azken hamarkadan izan dogun beheranzko joera, are gehiago, goranzko ikaragarrizko joera ei dauka euskerak Lekitton. Poztutekua da euskaraz bizi nahi dogunontzat! Zer dago baina igoera horren atzean?
Aurtengo udara arte, EIXU herritarren lantaldea, udaleko Euskara Zerbitzuagaz alkarlanean ibili da fin-fin beharrean. Herritarrengandik eritziak jaso eta herritarrengan eragiteko hainbat dinamika sortu izan ditu.
Helburutzat beti eduki dabe euskeraz egiteko aukerak eta motibazinoia garatzea. Horren ondorio zuzena edo zeharkakoa 4 urteren ostean, euskeraren erabilera datuak aspaldiko onenak. Datuak patxadaz aztertu beharko dira eta hainbat faktore egongo dira emaitza horren atzean, baina ezin dogu ukatu EIXU lantaldeak garrantzi handia daukola. Zorionak eta eskerrik asko!
Joan gaitezan 2011ko udazkenera. EHBildu sartu barri egoan udalean eta hasikeratik argi genduan Euskara Zerbitzua bulegotik atara eta herritarrengana hurreratu behar zala. Herritarrak izan behar ziran protagonista, herritarrok ginalako gero eta erdera gehiago erabiltzen genduanak. Orduan, Euskera Zerbitzu eta euskara teknikariaren funtzio eta ezaugarriak zehaztu genduzan. Horretan ibili zan Udaleko Euskera Batzordea harik eta 2013an, azkanean, euskara teknikaria hasi arte beharrean. Hortik aurrera, aurtengo udara arte, EIXU izan da Lekeitioko protagonista.
EH Bilduk eredua jarri eban: Herri ekimena, herritarrak protagonista eta Udal baliabideak herritarren eskura. Hor dago emaitza!
Eta antza EAJri ez jakon eredu hori eroso egiten. Bertan behera itzi eban eta. Ardurabakokeria galanta! Larritu egiten dira herri mugimenduak indarra hartzen dabenean. Demokrata xelebriak, gero!
Amaitzeko, galdera bat, noiz atarako dogu euskerako aurrekontua (EAEko udaletako murritzena) «gastu» ataletik, «inbertsio» atalera pasateko?
–Andoni Seijo Arrinda. Lekeitioko EH Bilduren izenean.