Orain gutxi egunkari honen azalean eskualdeko
hamaika udalerrik Urriko Azoka bermatzeko hitzarmena sinatu zutela irakurri nuen. Hara non, begira egon eta Lekeitioko Udal ordezkariak falta zirela konturatu nintzen. Ez da notizia berria, izan ere, urte hasieran EH Bilduk egindako galdera bateri erantzunez, argi utzi zuen EAJ-PNVren udal gobernuak ez zuela Markina-Xemeinen urtero burutzen den eskualdeko azoka bakarra, Urriko Azoka Nagusia, eskualdeko gainerako udalerriekin batera antolatuko.
EH Bildutik argi adierazi genuen, 2016ko aurrekontuen lanketan, azoka hau eskualdeko garapenerako estrategikoa dela eta berau babesteko diru partida mantendu behar zela. Antza,
hamaika udalerrirentzat (kolore politiko guztietakoak) estrategikoa dena, Lekeitioko Udal gobernuarentzat ez da. Zergatik holako mespretxua aspalditik funtzionatu duen azoka bateri? Nola arrazoitzen da erabaki hau? Arrazoi ekonomikoak lehenesten dituzte, baina hau ez da guztiz zuzena, nahi denerako dirua baitago, baina antza honetarako ez. Beste udalerri batzuen egoera ekonomikoa askoz txarragoa da eta lehen sektorearen eta eskualdearen aldeko apustua egin dute. Lekeitioko udal gobernuak zergatik ez?
Diru kontuekin jarraituz, orain gutxi enteratu gara, zoritxarrez Aittitta Txikik orain arte urtero antolatu duen marmitako txapelketa ez duela egingo, arrazoi ekonomikoak bide.
Lekeitiarrek jakin behar dute arrazoi ekonomikoak ez daudela erabaki horien guztien atzean, politikoak baizik. Izan ere, berriro diot, urte hasieran EH Bilduk aurrekontuei egindako proposamenetan argi adierazi genuen, gaur egun kolokan dauden ekintza askorentzako diru partidak bermatu zitezkeela, baina udal gobernu berriak ez zigun jaramonik egin. Horra beraz, EAJ-PNVren udal gobernuaren kudeaketa interesatuaren emaitzak.
– Edriga Aranburu Agirre. Lekeitioko EH Bilduren izenean.