'Lekittarra', Isuntza, aurrera!
Datorren domekan, ekainak 5, Lekeitioko bandera izango dugu! Gizonezkoen 43.a eta emakumeen 11.a lehiatuko dira. Bezperan, ekainak 4, Isuntza osatzen duten talde ezberdinen eta Lekittarra traineruan lehiatuko duten gazteen aurkezpena izango da.
2016an Isuntzako Zuzendaritza batzordeak ACTra (TKE) iristeko eta Udalaren babesa zuten jakiteko plan bat aurkeztu ziguten, alkate berri izendatuta nengoela. Gure erantzuna, udalaren erantzuna, argia eta zalantzarik gabea izan zen, noski, beti. 2019ko denboraldian TKEra itzuli ginen.
Baina, Isuntza ez da bakarrik ACT eta Lekittarra. Asko eskertu behar da klubak egiten duen lana. Harrobia sendotzeko egiten duen apustua eta horren isla dira zenbat arraunlari lehiatzen diren kategoria desberdinetan. Emakumezkoen traineru propio eta lehiakor baten aldeko apustua egiten jarraitu behar da. Nahiz eta aurten ezinezkoa izan emakumezkoen ligan parte hartzea, bai batel eta trainerilletan buru-belarri ari dira neskak, emaitza oso onekin, besteak beste, Bizkaiko txapelketa finalean edo Espainiako txapeldunak. Zorionak Neskak!! Hurrengo denboraldirako indarberrituta irtengo dira emakume traineru bat itsasoratzeko!
Gizonezkoek TKEn presentzia mantentzearen aldeko apustua egin da eta egiten jarraitu behar da, traineru gaztetu batekin, ilusioz indartuta eta klubaren filosofiari eutsita. Gure harrobiko arraunlari gazteak, Isuntzako talde tekniko, zuzendari eta etxeko arraunlari beteranoen laguntza eta konpromisoari esker. Udalaren, herriaren eta nire babes guztia duzue! Aurrera!
-Koldo Goitia Markuerkiaga. Lekeitioko alkatea.