Lekittoko udalean agintea hutsik
Lekittoko udalean alkateorde kargua bete daben pertsonak bere kargua utzi eta foru diputatu kargua hartu dau. Nahiz eta alkatea herrira begira sarriago agertu, Lekittoko udaleko agintearen parte handi bat alkateordearen gain egon da, herriko alkateak jardun erdi bakarrik egiten dabelako alkate lez. Beste jardun erdia, mankomunitateko lehendakari lez.
Agintean utzitako hutsuneak kezkatuta, artikulu hau idazteko dokumentatu egin nahi izan dogu. Horretarako, udalaren sare sozialetara jo dogu: ez dago kargu uzte horren jakinarazpenik udalaren kontuetan.
Lekittoko EAJ-PNVren kontuan topa dogu, martxoaren 17ko datagaz, lehen albistea (barriro be alderdia eta udala bat balira modura jokatuta): herriko udalaren alkateordea izan danak egun horretan utzi eban bere kargua eta foru diputatu kargua hartu. Guk martxoaren 16an jakin genduan prentsaren bidez. Ez genduan udaletik dei bat bera be hartu.
Albiste horrek kezka handia eragin dausku. Alde batetik, alkateorde kargua ekainera arte hutsik egongo dalako. Bizi dogun egoera gaitza da, momentu latz honek sekulako aginterik sendoena eskatzen dau, baina, nahiz eta hori holan izan, udalaren agintea ahuldu egin da.
Beste alde batetik, udaleko langileari eta udala osatzen dogun beste talde politikoari, EH Bilduri, luzaroan ezer ez komunikatzeak begirune eza erakusten dabelako; eta argi uzten dabelako zelako gobernantza eta parte-hartze eredua darabilen Lekittoko EAJ-PNVk: eurak pentsa eta eurak egin.
EH Bilduren lana udalean aldapatsua da. Behin eta barriro gure prestutasuna erakutsi arren, proposamenak egin, batzorde guztietan parte hartu, e.a.; hartu beharreko erabakia popularra ez izateko arriskua daukenean bakarrik nahi izaten dabe konta gugaz. Bestela, hor konpon, Mari Anton!
Begirune politikoa beharrezkoa da; gobernatzeko, estiloa behar da herritarren parte hartzean eragiten dabelako.
–Edriga Aranburu Agirre eta Miren Tere Aboitiz Erkiaga, Lekittoko EH Bilduren izenean.