Udan denok gure edo beste itsasertzetan gozatzen ibili gara, eta sarri ikusi eta topatu izan dugu plastikoren bat; moilatik paseatzerakoan plastikozko poltsa formadun zenbait antzeman ditugu.
1950eko hamarkadatik aurrera petrolioaren ustiapenak plastikoaren sorrera ekarri zuen, eta ordutik, AEB eta Europako gizarteek erabilpen ikaragarria eman diote. Egun, plastikoak edonon aurkitzen ditugu: mendian, ibai eta erreketan, itsasoetan…
Bizkaiko Golkoan itsas milia-karratu bakoitzeko 46.000 plastiko zati daude. Ez al da ikaratzekoa? Kalkulatzen da errekatik datorren plastikoaren %15 kostaldean jaso daitekeela, baina beste guztia hor gelditzen da. Hemengo gure ingurua Europako beste kostalde batzuetako eremuekin alderatuz, plastiko gehiagorekin azaltzen da.
Europako biztanle bakoitzak urtean 500 poltsa erabiltzen ditu, eta munduan minutuko milioi bat poltsa erabiltzen direla badakigu
Zeintzuk dira plastiko hauek? Gomazko objektu ezberdinak, zigarro hondakinak, oihalak, plastikozko poltsak… Gaur egun ozeanoetan 5 bilioi plastiko zati daude. Europako biztanle bakoitzak urtean 500 poltsa erabiltzen ditu, eta munduan minutuko milioi bat poltsa erabiltzen direla badakigu; poltsa bakoitzari orokorrean 25 minutuko erabilpena kalkulatzen zaio, baina… desintegratzeko 100-500 urte beharko ditu.
Beste estimazio bat: zakarraren %15 ur azalean dago, beste %15 itsas eremuetan eta azken %70 itsas hondora heltzen da.
Plastiko guztia denborarekin eta erosioaren eraginez mikroplastiko bihurtzen da, ez da desagertzen –puskatu eta txikitu egiten da–. Mikroplastikoak ere industriak sortutakoak dira, eta azken urteotan bere erabilera ere larriki ugaritu denez , zientzialari eta ikerlariek ozeanoetan mikroplastiko hauek aurkitzen dituzte.
Ondorioak: arrainek mikroplastikoak irensten dituzte, txori batzuk era berean arrainak janez beraien gorputzetan barreiatzen dituzte… Azkenik gizakiok animalia hauetaz elikatzean zoritxarreko mikroplastikoak bereganatzen ditugu.
Denok garenez kaltetuak, ingurumenaren aldaketa bortitzaz kontzientziatu beharko gara. Egunerokotasunean plastikoa askoz ere neurri txikiagoan erabili beharko dugula argi izateko hona hemen hainbat proposamen zentzudun: plastikozko poltsak alboratzen hasi, eta beste materialetakoak erabili, plastikorik lurrera ez bota, banaketa selektiboa eta eraginkorra burutu, erosi aurretik produktuen enbaseak antzeman eta kate handienei (Eroski, Dia, Mercadona…) Europako legedia aplikatzeko eskatu.
–Leo Belaustegi. 12 Milla Elkartearen izenean.