Lo-kantak
Milaka arazo izan ditzakezu, osasun arazo bakarra daukazun arte. Orduan, mila arazo izan beharrean, bakarra bihurtzen da.
Betetzeke daukazun helburu nagusia hutsala irudituko zaizu, bidean zehar bidaiaz gozatzea ahazten baduzu.
Egunik eskasenak ere hogeita lau ordu ditu. Ordulariak ez dira gelditzen, denbora aurrera doa.
Ez da urtarrilaren lehenengora edo irailaren hasierara arte itxaron behar helburu berriak betetzen hasteko. Egunero has zaitezke.
Ezinezkoa da inguruko guztia kontrolpean izatea. Gehienetan, askatasunaren benetako esanahia ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da askatzea.
Gazteen telazko poltsek dioten modura, «denok dauzkagu gure traumak eta mobidak». Egun dohainik diren gauza gutxienetarikoa dira errespetua, enpatia eta atsegina izatea.
Ingurukoei aholkuak ematen abilak gara, ulerkorrak. Aholku horiek norberarentzako balira, ordea, zorrotzago bilakatzen dira. Zeure buruarekin gogorra izateak ez zaitu indartsuago egingo.
Seme-alabei gauero ipuinak irakurtzen dizkiogun modura, ondo legoke guztiok geure buruari aurreko baieztapenak errepikatuko bagenizkio. Behin eta berriz, egunero, gauero. Norbere baitan oihartzuna sor dezaten. Zaila izan arren, burua engainatu daitekeen makina da eta.