Lodia naiz, eta zer?
Gizartiak erakutsi gaitu lodi egotea gauza txarra dala. Lodia bazara, ezin dala zutaz inor maitemindu. Lodia bazara, ezin dozula edozein lan egin. Lodia bazara, ezin dozula kirola behar dan moduan egin. Lodia bazara, etxean sartuta egon behar dozula. Lodia bazara, ezin dozula nahi dozun moduan jantzita joan. Lodia bazara, ezin dozula zure gorputza erakutsi, alderantziz, izkutatu egin behar dozula. Lodia bazara, ezin dozula zure argazkirik, bideorik, ez ezer erakutsi sareetan, loditasunaren apologia egiten zagozelako (eta, noski, badaezpadan, baten bateri kalte egiten badio hori ikusteak…). Lodia bazara, ezin zarela zoriontsua izan… Lodia bazara, ez dozula ezertarako balio… Lodia bazara, argaldu egin behar zarela norbait izateko… Lodia bazara, sekula ez dozula lortuko zuk nahi dozuna… LODIA BAZARA, EZIN DOZULA BIZI!
BA EZ, EZ DA HOLAN!! Lodia bazara, guzti hori eta gehiago izan ahal zara. Zure talla edo pisua sekula ezin da izan zure bizitzan nahi dozuna egiteko oztopo bat! Beste guztien eskubide berberak daukaguz, nahiz eta gizarteak ezarritako «kanon» horietatik oso urrun egon!
Berdin da zergatik gagozen lodi: genetikagatik, gaixotasun batengatik, argaltzeko bororondaterik ez dogulako edo nahi dogulako! Ze koño! Ez daukagu inori zertan azalpenik emon eta ez doguz nahi «gure onerako» direla esaten duten horien gomendioak, ez doguz behar! «Gure onerako» esaten duten horiek ez dira konturatzen beraien hitzek nolako trauma eta trastornoak sortu ahal dabezen pertsona lodi batengan. Eta ez lodiengan bakarrik, edozein gorputz mota duen pertsona batengan ere bai.
Ireki begiak eta konturatu gaitezen, lodifobia, guztiok txikitatik barneratuta daukagun zerbait dala eta horrekin apurtzeko unea heldu dala. Hausnartzeko garaia da eta kanon, estandar eta guzti horiekin behingoz apurtzeko momentua!
Argi dagoena da, lodi, argal, altu, txiki edo dena delakuak izan, inor ez dala inor baino gehiago. Gizakion itxura sekula ez dala izan behar arrazoia pertsona bat gutxiesteko! Utz dagiguzan inoren gorputzen inguruko berbak eta iritziak albo batera! Onartu geure buruak eta dagoenarekin aurrera jarraitu behar dogu. Bizitza bizi eta bizitzen utzi!
Bihar, martxoak 4, lodifobiaren nazioarteko eguna. STOP LODIFOBIA!