M26, entzun gaitzaten
Datuek ez diote gezurrik. 2013 eta 2017 artean EHUk tasen bidez izandako diru-sarrerak 32 milioi eurotik 47 milioi eurora igo ziren. Krisi testuinguru honetan, unibertsitatean ikastea gero eta garestiago jartzen diguten bitartean, gure bizi-baldintzen etengabeko kaxkartzea jasaten ari gara. Ikasle askok, ikasketak ordaindu ahal izateko lan egin behar dute, eta gainera, lan egin behar izateak bekak eskatzeko baldintzetatik kanpo uzten du zenbait: ikasturteko 60 kredituetan matrikulatuta egon behar izatea (irakasgai guztiak), eta kredituen kopuru minimo bat gainditu izana (batzuetan %75 eskatzen dute, hots, 10 irakasgaitik 7). Unibertsitateko tasak gora doazen bezala, diru-laguntzak jasotzeko baldintzak gero eta zorrotzagoak dira.
Lea-Artibaiko ikasle askok badakigu, eta askok urte batzuk barru jakingo dute, unibertsitatera joateko eskubideak gutxi duela «publiko» eta «unibertsaletik». Bizi garen eskualdearen kokapenak ez digu ahalbidetzen egunero campusetara joan-etorriak egitea, eta gehienetan kanpora joaten gara bizitzera: Bilbora, Donostira, Gasteizera… Kontuak aterata, EHUn ikasten duen Lea-Artibaiko ikasle baten ikasketek, ikasturte batean guztira 6000 eurotik gora balio dute. Hau badakigu guk, eta askoren kasuan, gurasoek hobeto. Eta egoera aldatu ezean, jakingo dute beste batzuek eta haien gurasoek ere.
Hezkuntzak doakoa behar du izan. Botere guztiaren jabe direnak gero eta boteretsuago diren honetan; desjabetuak gero eta desjabetuago garen honetan; hezkuntza bera ere botereak darabil: bere interesen alde, gu guztion interesen kontra. Ikasteak ezin du ezinezkoa izan zenbaki gutxiko kontu korronteek itotako etxe gero eta ugariagoetan.
Martxoaren 26an ikasgela guztiak hustu eta Euskal Herriko hiriburuetako kaleak beteko ditugu. Aldi honetako aldarrikapen zehatzek unibertsitateko tasen merketzea eta beken hobetzea eskatuko dute, doako hezkuntzaren bidean urrats garrantzitsu bat ematea bilatuz.
Antolatuta gaude, antolatzen ari gara eta jarraituko dugu. Kapitalaren ofentsiba hau gelditu beharra dugu: bizi-baldintzen defentsa antolatu behar dugu hezkuntza-esparruan. Guk gelditzen ez badugu, hau ez delako geldituko. Lea-Artibaiko ikasleok ere martxoaren 26an greba egin eta Bilbora goaz!.
–Garazi Navarro Ugarteburu. Ikasle Abertzaleen izenean.