Berezia izango da gaurko gaua ekainaren 23 guztiak bezala. Bai, San Joan bezpera da: urteko egunik luzeena luzatzen dugu suaren argiagaz, eta jai giroan egoten gara, xarmaz beteriko gaur ederragaz gozatzen.
Ospakizunen garrantzia handitu egiten da zergatik ospatzen ditugun jakinez gero, emozioa biderkatu egiten da, eta gehiago disfrutatzen dugu. Eta zergatik ospatzen dugu San Joan bezpera? Gaur egun gero eta jakinagoa da San Joan Bautista beranduagokoa dela jaia bera baino. Kristautasunak ekarritako santuen aurretik ospatzen zirela hemen urtaroen, lurraren eta zeruaren aldaketak. Eta hori zen lehengoek ospatzen zutena: urteko egunik luzeenagaz batera, bazetorrela uda (edo bazihoala negua). Horregatik, gero eta hedatuago dago udako solstizioa ospatzea, lehengoek ospatzen zuten moduan.
Niri neuri sekulako zirrara pizten zait gaurko gauean. Beti imajinatzen dut gure arbasoek zelan ospatuko luketeten jaia: bakoitzak bere auzoan egingo zuen sua, inguruko baserrietakoekin bilduko ziren, gaua luzatuko zuten dantzan eta barreka suaren azken garrak amatatu arte, sarri, beharbada, eguzkitik eguzkira arteko parranda eginez.
Ez dira urte asko ekainaren 23a hurreratu ahala ume eta gazte mordoa ikusten zirela atzera-aurrera herrian, sua egiteko materiala batuz. Herriko auzuneetan egiten ziren suak, baina apurka-apurka desagertuz joan zen ohitura hori.
Azken urteotan, lehen auzoetan egiten zena herri erdira ekarri da Markina-Xemeinen, eta herriaren sua egiten da. Kalejira egoten da aurretik, eta gero, Goiko Portalean sua pizten da, eta herritarrak bertan batzen dira lehengo arbaso zaharrak batzen ziren antzera, suaren bueltan.
Ospakizuna horrela egiteak ez dauka urte askorik, nahiz eta ohitura bihurtu den. Orain 11 urte antolatu zen lehenengo bider kalejira suaren ingururaino. Gazte Asanbladak egin zuen, herrian gaztetxerik ez zegoela eta, haren aldarrikapena egiteko. Dotorea izan zen kalejira: gazte mordoa Akerbeltz pertsonaiaren inguruan dantzan, suaren aurrean akerrari gaztetxea eskatzen. Sua ordurako Ekozain taldeak egiten zuen. Gerora lortu zen herrian gaztetxea, eta egun hari zor dio izena, gainera: Akerbeltz Gaztetxea. Kalejira antolatzen jarraitu du gazte asanbladak urtero, eta talde asko batu dituzte antolakuntzara, gainera: Ekozain, Izarbidean, XAT, Abarka, Bagaittun, Uhagon, dantzariak… Horregatik ateratzen da urtero kalejira gaztetxetik, Akerbeltz handia erdian.
Gaur gauean, Akerbeltza ikusten dugunean, nondik gatozen gogora dezagun: jai pagano batetik, eta gaztetxetik. Akerbeltzen kobatik, suaren ingurura joan gaitezen, eta egin dezagun suaren inguruan dantzan eguzkitik eguzkira. Gora udako solstizioa, eta gora Akerbeltz!