Madrileko ibiltari (zatia)
Gaur atzera ikusi zaitut. Gran Viatik paseoan zengozan, gizon hark gura barik errepidera sakatu eta atoan eskuetan hartu zintudan egun hartan lez. Oinezkoen partea oraindino ez eben zabaldu eta, ondorioz, beti kejetan zinan zu lako pertsona txikientzat, mostradore batera heltzeko hankapuntetan ipini behar diranentzat, oso gatxa zala kalean barrena bidea zabaltzea. Nik barre egiten neutsun, baina, barruan, zure inkontzientzia hark bildurtu egiten ninduan. Ze, bai, inkontzientea zinan. Ez zinan kontziente konturatzeko, gura izango bazendu, sofatik mobidu barik koadro bat sabaian eskegi ahalko zendukela. Ez hori bakarrik: izutu egiten ninduan zugan benetan ez zaren nonor ikusteak, existiduten ez zan nonor desiratzeak. Horrek hankasartzeez edo guzurrez maitemintzera eroan gaitzake, eta hori bai dala benetako tormentua.
Egun hartan, euria bota ahalean ebilen, eta itsasertz bako uri hartan egundo existidu bako ozeano bateko urak zabaltzen zenduazala zirudian. Kalean zu eta oraindino be euripean mela-mela bustitzeaz gozatzen daben pertsona urriak baino ez zengozien. Eta ez nabil euritzan jantzan egiten dabenez: oinez geldiro dabizanez nabil, eta etxera deus ulertu barik bueltetan diranez. Hemen, Madril aldean, inor ez da kargutzen, baina kaleak zoroz ganezka dagoz: inork ikusi barik euren lokarriez askatzeko kapaz diran pertsona guztiz eta bereziki zentzudunez. Zoro zentzudunak. Beharrezkoak. Murritzak. Enbidia deutsiet, nire bizi osoan zehar, nik ez bezela, zu negarrez ikusi zaituen pertsonei deutsatien enbidia lez. Horixe da, akaso, nire hutsegiterik handienetakoa.
Kontua da etorbideetan barrena bidea zabaltzeko gai zinala, eta kitto. Zure indarra hain zan poteretsua, non nire ohetik entzun neikean. Itsasoaren orroen parekoa zenduan: inork bainua hartzerik gura ez dauanean izaten dauanaren neurrikoa. Ametsetatik gehien maite dodana euren laburpen-gaitasuna da: zelan diran gai hain handia dan zeozer irudi bakarrera mugatzeko. Ametsak iratzarririk dagozanen poesia dira.
Dana dala, oraingo honetan, Gran Via bai bazan oinezkoentzakoa. Guztiz, ganera. Ez egoan balen abiaduran doan autorik, edo elefanteen eztitasunez aurrera egiten dauan autobusik, edo oinez ikasten dabilen umearen pare kurtzetan jatsun taxirik, edo hutsaltasunaren garaipenez modu txarrean aurrea hartzen deutsun bizikletarik. Gaur, zu baino ez zagoz: oinez astiro egiten dauan emakume bat, errari eta mutu. Eta jarraitu gura zaitut. Eta harrotasunez kontau errepideko lerroei bildurra galtzen ikasten nabilela. Baina kostetan ari jatala nire barrenetik ezerezera salto egitera gidatzen nauan bulkada hori kontroletea.
Eta, orduantxe, esnatu egin naz. Eta, orduantxe, nire ohean Madril baino ez dago. Madril eta bisitan datorren hotz hau, ezerk merezi dauan beste irauten ez dauala gogorarazoten deustana. Uri hau, egunen baten, desagertu egingo dala autortzen deustana, zuk egin zenduan lez, eta nire buruan harrapatuta geratuko dala: beharbada, hegazkin-itxuraz; bestela, elefante-formaz.
Eta orain sinistu gura ez arren, egunen baten konturatuko nazela hori nahikoa baino gehiago dala. Nire zati bat Madrilek beragaz eroan ebala, eta gauero-gauero jente bako etorbideetan barrena alderrai dabilela, euripean, falta jakon beste zatiak nora alde egin eban galdezka. Ametsak iratzarririk dagozanen poesia dira.