Maitatzera behartuak
Maitatzera behartzen gaituzte», hala esan zuen publiko artetik kide batek. Geure zaharrak zaintzen diharduten emakume atzerritarrak zeuden oholtzan, beraien esperientziak kontatzen. Bereziki iltzatuta geratu zitzaidan esaldi hori Mutrikuko jardunaldi feministen baitan antolatutako mahainguruan. Norbait maitatzera behartzeak, modu inkontzientean bada ere, bere borondatea deuseztatzea dakar, gizatasuna kentzea edo norberaren menera jartzea: «Lan elkarrizketatan esaten dizuete, akaso, nagusia maitatu behar duzuela?».
Bertaratu ginen mutrikuarrak geure butakatan gero eta deserosoago geundela bukatu genuen hitzaldia. Ez baita erraza begiradari eustea isilean eta ezkutuan geratzen dena begi bistan jartzen dizutenean. «Esklabu bat daukagu Euskal Herriko atari bakoitzean», hala bota zuen Malen Etxeako Silvia Carrizok. Ez zen adierazpen hori entzuten nuen lehen aldia, baina berdin-berdin uzkurtzen dira tripak aldiro. Herritarrok eta erakunde publikoek elkarlanean ahalbidetzen dugu emakume atzerritarren lan-esplotazio egoera: atzerritartasun legea, aberastea beste helbururik ez duten zaintza-enpresa erraldoiak azpikontratatzen dituzten erakunde publikoak, Lanbiden interna aritzeko lan-eskaintzak eskaintzen dituztenak, eta nola ez, giza eskubide oro urratuz geure zaharrak zaintzeko inor esplotatzen dutenak edota bestaldera begiratzen dugunak.
Interna erregimena abolitzeaz mintzo dira, gorputz eta buruen esplotazioa baita. Denon begi bistan gertatzen ari da, eta ez gara aurrez aurre begiratzeko gai. Gehienak orduko 2 eurotik behera irabazten eta paperik eta kontraturik gabe lanean dihardute; ezin dute lana galdu, dirua bidali behar dutelako jatorrizko herrialdera edo bizitokirik gabe geratuko direlako. Kontratu eta papel guztiak zuzen dituztenez ere mintzatu dira; izan ere, batzuek jai dituzte asteburuak edo lan-kontratuak dituzte, ados, «baina zuek astelehenetik ostiralera 24 orduz egiten al duzue lan?». Interna erregimena bera da giza eskubideen urraketa.
Deseroso sentitu ginen une batzuetan, ardura geure bizkar ere jarri zutelako; erraza baita kulpa oro gobernuengan uztea, baina geure agenda politikoan atzerritartasun legea edo interna erregimena abolitzea zenbatgarren postuan dauden ikusteak eragiten du eserlekuan lekurik topatu ezinda geratzea. Izan ere, hein batean, geuk maite ditugunak zaintzeko ardurarik hartzen ez dugulako (edo sakrifiziorik egiteko prest ez gaudelako), eta erakunde publikoei presio nahikorik egiten ez diegulako ere behartzen ditugu beste emakume batzuk (neskametza edo morroitza egoeran) gure partez zaindu, eta, gainera, geure partez maitatzera.