Maite zaitut lagun, ‘ahibuk yasidiqi’
Arrazakeria mundu mailan dagoen gaitz handienetariko bat da. Uste dut ez dela inolako zorakeria idatzi hau esaldi honekin hastea, are gehiago Europako bazterretan gertatzen ari denari erreparatuz gero.
Ez naiz aditua gai honen inguruan, ezta gutxiago ere. Hala ere, ematen du gerraren mina zuriek pairatu eta malkoak begi argietatik isuri direnean sentitu dugula enpatizatzeko eta laguntzeko beharrizana. Hala, gure etxeetako ateak parez pare zabaldu, eta komunikabideetako logoak horiz eta urdinez tindatu ditugu.
Melillako harresiak, ostera, itxita jarraitzen du, eta bizitza zoriontsuago baten bila itsasoa zeharkatu nahian datozen familiek ez daukate ate hori zabaltzeko giltzik. Sarrailak azal zuria du, antza.
20 urte beteko dira gure herrira familia marokoar bat etorri zenetik, ni baino urte pare bat gehiago zituen mutiko baxu eta lotsatia tartean zela. Gertaera esanguratsua izan zen, ondo oroitzen dut. Herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar, eta ezezagunen bat ikusi edo agertuz gero, atoan pizten dugu barreneko radar inkontzientea. Hauek zaratarik egin gabe heldu ziren arren, zeharkako begirada mesfidati dexente jasan behar izan zituztela gauza jakina da. Beraien hizkuntza, erlijio eta kultura eduki arren, ondo ulertu zuten ezagutu berri zuten lurrean gureak geneuzkala, baita integraziorako pauso nabarmenak eman ere. Eskolako matrikulazioaren ostetik, herriko futbol klubean eta euskal dantza taldean ere eman zuten izena, bere adin bueltako gazteok bertan pasatzen genituelako ordu libreak. Zonalde berri batean lagun multzo bat egitea eta sozialki leku bat aurkitzea errazagoa da jarrera eta ekin horrekin.
Egunerokotasunak egin gintuen lagun handi. Urteak joan eta etorri, bakoitzak gure bidea egin dugu: ikasketak, lan aukerak, pasadizoak… bizimodu bat eraikitzeraino. Seguru nago inoiz ez dela bere helburuetako bat izan, baina irakaspen dexente eman dizkigu nerabezarotik gaur artean. Alkohol tantarik probatu gabe parrandan irten eta gozatzea gauza posiblea dela defendatu izan du beti, baita lortu ere. Batzuk ez dakigu hori egiten edo majo kostatzen zaigu. Urtero, Ramadan sasoia heltzerakoan, erakustaldi bikoitza ematen du. Alde batetik, baraurik denbora luzez irautekoa eta, bestetik, behin ordua helduta, asetzeraino irenstekoa.
Sarritan umorez eta barre artean komentatzen dugun zerbait bada ere, bere ohiturek eta betebehar erlijiosoek ez dute inoiz leku bat aldarrikatu behar izan gure artean, naturaltasunez eta errespetuz hartu izan ditugulako beti. Zoritxarrez, ez da ohiko egoera gure gizarte eta mundu zabalean. Argi daukat molde desberdineko pertsonak gugana iristeak edo bidean zehar beraiekin bat egiteak pertsona hobeak izaten lagundu digula.
Bob Marley handiak zioen War abesti ezagunean gerrak hortxe jarraituko duela azalaren kolorea begietakoa baino garrantzitsuagoa den bitartean. Arrazoi Jamaikarrak. Izan gizarte mailan errespetua eta onarpena lortu nahian edo herrialdeen arteko armen norgehiagokan. Pertsonak, baina, guzti horren gainetik daude. Egon beharko lukete, behintzat.
Maite zaitut lagun, ahibuk yasidiqi.
احبك ياصديقي