Mandarina bat mahai gainean
Euria ari du kanpoan. Euria maitatzearen babesa (1). Atzo edo bihar. Irakurtzen ari zaren hau atzoko kontua izan daiteke, idazten ari naizen hau biharkoa izan daitekeen modu berean. Eraikitako tenporalitatea gauza bitxia da batzuetan.
Gezurra ari du (2) gurean. Hitz egin dezagun eguraldiaz. Gezurra maitatzearen babesa -babes diazepanikoa eta injustua-. Sinetsi ezina egiten zait oraina batzuetan, ezin amestua biharra. Lapur banden kronika laburra dirudi. Zer eraikitzen ari dira orain eta etorkizun bezala? Zer dute askatasun edo emantzipaziotzat? Eta zer bizitza duintzat?
Sistemak behinola erakutsi zigun -eta beharrezko zuen- bizitza eredu nahiko egonkor batetik, are etekingarriago duen ziurgabetasunez beteriko bizitza prekario batetara egin dugu salto. Gure aroa, bizi dugun garaia, normalizatuegi -eta norberegi- dugun geure garai perbertsoa: ezin heltzearen azkartasunarena da, konexioarena eta bakartasunarena, askatasuna merkatuarekin parekatzen den garaia, injustizia sozial berdinzalearena, estresaren baretasunarena, gutxi batzuen etekinena (zaborra, gezurra eta gerraren normalizazioarena) hiper-informazioarena eta ez-jakintzarena, botere harremanek zeharkatuta egonik ere etengabeko norbere lehiaren aroa da… Gure bizi eta gorputzak zeharkatzen dituen ez-zentzua osatzen dute hauek. Itotzen gaituen aroa da, ez egotearen desioa izateraino eta ezin itzultzearen beldurra sentitzeraino. Negozio bilakatu dugu nostalgia bera.
Bizitzaren zaintza bera helburu beharko lukeen jendartea eraiki baino, gure lurralde, gorputz eta bizi ongizatea guztiz desartikulatze bidean gaude. Ez gaude hobeto honetan ere. Bizitza versus kapitala.
Neutrala eta naturala omen den mundu logika hori. Eta arraro egiten zaigu azken urteetan bizitza bersortzearen talkarekin lotura duten mugimenduen ahotsa erdiratzea? Etxekaleratze eta etxebizitza beharren errealitatearekin bat datozenak, elikadura berme eta burujabetzaren kontzientzia hartzearenak, oinarrizko errentaren eta pentsio duinen aldeko ahotsak, enplegatu publikoen pribatizazioaren eraginak, etorri berrien aldeko sareak, etxeko langileak eta zaintza langileak, osasungintza publikoaren sarearen indartzearen beharraren kezkak, sortzen dugun zaborren kudeaketaren kapitalistaren ondorio desastreen biharamunak, adinekoen zaintzarako zentroen aldeko borrokak, gurasotasun baimenen eskariak… produkzioaren eta erreprodukzioaren arteko disoziazioen berrantolaketan sortutako arrakalek badute deseraikitze eta politizazio ahalmena. Noski, zaila eta ederra bezain beharrezkoa zer esan eta egina.
Hor nonbaitetik eta norbaiti hartua: ez dakit irakurtzeak -eta praktikak gehituko nioke- askeago egingo gaituen ala gure arazoez kontzienteago. Feminismoek zeharkatu gaituzten -eta zeharkatzen gaituzten- zapalkuntzak, hausnarketak eta borrokak elkar gurutzatzeko nahiz errora joateko arnasa ematen digute.
(er)Aldaketa ari du hemen eta orain. Guk bizitza erakutsi nahi dugu. Guk bizitzak eraiki nahi ditugu gure utopia amestea eraikitzea bizitzea egokitu zaigun herri urezko maite honetan (3). Errotik dena aldatzeko ari gara!
- (1) Joseba Irazokik badu “euria ari du” kantu bat, bertakoak dira hitzok.
- (2) Lorea Agirrek Euskaldunon egunkariaren itxieraren inguruan idatzitako liburuaren izenburua. Itxiera horren 17 urtemuga bete berri da egunotan.
- (3) Mikel Antzaren hitzak dira azken hauek