Matxe zatxuet edo Massachusetts
Gorka Urbizuk badaki zer, nola eta noiz esan. Bereziki «Batzutan I love you idazten diogu elkarri. Maite zaitu batek ikaratzen gaitu» abesten duenean. Badirudi ingelesez berbak txertatzean hobeagoak sentitzen garela. Internazionalagoak akaso. Dena den, norberak berrikusi behar duen gaia dugu. Gai potoloa.
Instagramera argazki bat igo berri dut. Amsterdamen nago. Nire bizitza liburu bat balitz, atal berria hastear nagoela esango nuke. Baina atal berria jarri beharrean, neuk ere ingelesera jo dut. «New chapter» titulatuz. Esan nezakeen nire jarraitzaileek uler dezaten egin dudala, baina euskaldunen atzetik, katalanak eta erdaldunak dira nire sare sozialetako jarraitzaileen portzentai gehiengoa.
Hizkuntzak gustoko ditut, eta hauek ikastea erabilgarria iruditzen zait. Aberasgarria da hizkuntzek ahalbidetzen digutena. Komunikatzeko tresna galanta. Baina badu hizkuntza orok bere kasuistika, eta hauen jakitun izatea garrantzitsua dirudit. Nire kasuan, adibidez, katalanak Kataluniako lagunekin harremantzeko giltza emateaz gain, goxotasuna eskaintzen dit.
Ezagutzen nautenek jakin badakite nire bihotza Bartzelona eta Euskal Herriaren artean bananduta dudala. Katalana darabilt nire sare sozialetako idatzi batzuetan, euskaraz askotan biluzik sentitzen naizelako, –oversharing egiten ibiliko banintz bezela–. Aldiz, euskaraz idazten dut Bartzelonako kontuetaz.
Gazteleraz argitaratu nuen nire lehen eta oraingoz liburu bakarra. Sare sozialetan gehien darabilten hizkuntza dela ere esango nuke, korapilotsu idaztea gustatzen zaidalako eta hizkuntza horretan maneiatzen dudan hiztegi zabalak baimentzen didalako nolabait.
Kontziente naiz kazetaritzan hiztegi hori erabiltzea ez dela posible, baina hori beste kontu bat da. Poesiaren maitale naizen honetan, hizkuntza pedantea dut gustokoen, eta honen erabilera aldarrikatu eta sustatu nahiko nuke gaurkoan.
Euskararen kontu hau elkarbanatu nahi nuen, baduelako niretzat berebiziko garrantzia. Ondarrutarroi askotan esan ohi baitigute euskara batuan hizketan ez garela batere trebeak. Makalak garela.
Horrek nolabait eragina izan du azken urteetan zehar euskararekin izan dudan harremanean eta publikoki sare sozialetan eman diodan erabileran. Hortaz, badira zutabe hauek euskararen erabilerara gerturatzeko egindako saiakera eta hautua. Euskal publikoarekin konektatzeko aukera aparta.
Gaurkoz gehiagorik ez, lagunok. Zalantza duzuenean, gogora ezazue matxe zatxut batek duen indarra. Baliteke t’estimo baino harrotzagoa suertatzea, baina seguru nago urrun zaudenean zein egunerokotasunean sentitzea Massachusetss baino gertuagokoa dela esaten dizuten hori.