Mutrikuko Emakume Palisten salaketa manifestua
Mutrikuko Emakume Palistok, talde eta emakume bezala dagokigun erantzunkizuna hartuta, otsailaren 13an Miruaitz frontoian gertatukoa salatu nahiko genuke. Emakumezkoen Binakako II. Pala Txapelketaren baitan parte hartzaile baten aurkako eraso transfobo bat eman zen: antolatzaileetako batek emakumearen aurrean erabateko gaitzespena agertu zuen, ikusi zuen momentutik jardunaldia bukatutzat eman zen arte. Partidan aurkariarekiko kiroltasun eza erakutsi zuen eta partidutik kanpo irain transfoboak amorruz azaleratu zituen. Hau ikusita, taldekideok bera isilarazten saiatu ginen, baina etengabeko jarrera onartezin horrekin berean jarraitu zuen.
Horren guztiaren aurrean, antolatzaileok gure babesa adierazi diogu erasotua izan den emakumeari eta berarengan arreta jartzea izan da gure lehentasuna, ezin dugu ahaztu -eta honetan guztian kaltetu nagusia bera izan dela. Bestalde, bakoitzaren sentsibilitatetik haratago eta gertaera larri baten aurrean gaudelakontziente izanik, Emakume Palistok gure gain hartu dugu dagokigun erantzunkizuna.
Alde batetik, manifestu bat zabaldu nahi izan dugu txapelketaren barruan guztiaren berri eman, eta horrelako egoerak gogor salatzen ditugula azpimarratzeko. Bestetik, gertatutakoak taldekidea txapelketatik kanporatzera behartu gaitu, berak bere burua txapelketatik ateratzea erabaki duen arren, guzti honen larritasunaz jabetuta. Horrela, ezingo du parte hartzen jarraitu, ezta antolatze lanetan ere, eta txapelketak irauten duen bitartean ikusle modura frontoira ez gerturatzeko eskatu zaio.
Emakumezkoen Binakako II. Pala Txapelketa honekin aurrera egiteko guztion erosotasuna eta segurtasuna bermatu behar ditugu, eta aurrera begira gerta daitezkeen erasoen aurrean zorrotzak izan. Argi utzi nahi dugu emakumezkoen pala txapelketan ez dugula inolako eraso transfoborik eta ez bestelakorik onartuko. Frontoia espazio segurua eta anitza izatea nahi dugu eta hau kolokan jartzen duten guztiei ateak itxiko zaizkie, gure babesa eskainiz parte hartzera edo ikustera gerturatzen diren guztiei.
Bestalde, kiroltasunez jokatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, txapelketa honen izaeraren parte ere bada eta. Errespetuzko baloreak kantxaratu behar ditugu, eredu izan pilotakada bakoitzean eta tantoak egiten jarraitu berdintasunaren bidean. Partidu hau ere irabaziko dugu, gora emakume palistak!
–Leire Elezgarai. Mutrikuko Emakume Palisten izenean.