Mutrikuko Gaztetxeari
Ez dut gogoan noiz, nola eta zergatik sartu nintzen lehen aldiz Mutrikuko Gaztetxera. Lotsatuta zeharkatuko nuen atea seguru, gu baino zaharragoa zen norbaitek gonbidatuta-edo. Kea, marihuana eta itxi usaina uztartuta sortzen den eta hain gaztetxeetakoa den kiratsa, zerbezak barraren gainean, zigarro hondarrak lurrean, oihuka ari ziren parteak nonahi, pegatinak gainezka eta hankak lurrera itsatsita. Horixe baita gaztetxearen ezaugarri nagusienetakoa, burua mundu berri eta hobeak amesten ari den bitartean, beti dituzula hankak lurrera itsatsita.
20 urte dira behinola herriko gazte batzuk leku hura etxe bihurtu zutenetik. Ordutik zenbat asanblada, dantza, kontzertu, borroka, aldarrikapen, lige, muxu, lagun, bertso, otordu, hitzaldi, gaupasa, garbiketa, turno, txukunketa, pankarta, bilera, haserre, adiskidetze, amets, fustrazio… Herriko genealogia bat gordetzen dute lau horma horiek, erreleboa emate bat, belaunaldien arteko kate bat, botere hartze eta uzte bat nork bere unea iristean.
Asko dira gaztetxea 20 urte hauetan martxan mantendu dutenak; asko dira garaiko borroka, erronka eta aldarriei leku fisiko bat eskaini dietenak; asko dira turnoak egin dituztenak, aje egun gogorretan gaztetxea garbitzera ausartu direnak, bilera amaigabeetan katramilatuta poteoei muzin egin behar izan dietenak, ekintzak eta jarduerak antolatzen aritu direnak, pankartak ondo atera arte behin eta berriz errepikatu dituztenak, bazkari eta afariak prestatu dituztenak, kontzertuen azpiegiturak ondu dituztenak… Hasteko eta hazteko leku paregabeak dira gaztetxeak: mundua esperimentatzeko, eraldatzeko eta sortzeko habitatak.
Gutxi izango dira herrian gaztetxeko koskarekin estropezu egin ez dutenak, gaueko ordu txikitan oholtza gainera igo ez direnak, edo konbinatu epelak eta zerbeza izoztuak txintik esan gabe baina ilusio handirik gabe eran ez dituztenak. Parrandarako lekua izan da, baina baita eztabaidatzekoa ere: politika eta herrigintza egitekoa, artikulatzekoa, kontzientzia kritikoa sustatzekoa…
Ez nuke berehalakoan irudikatuko gaztetxerik gabeko Mutriku bat, eta ez nuke nahi ere. Horregatik, 20. urteurrenaren kaieretan eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen gaztetxea gaztetxe bihurtu zutenetatik hasi eta gaztetxeak gaztetxe izaten jarraitzeko lanean ari zaretenonganaino. Bejondeizuela! Horixe behar baitu herri batek, hankak lurrera itsatsita, handi eta altu amestuko duen gaztetxe bat.