Natura argazki edo kuadro bat baino ez da
Ez da erraza hegaztizalea izatea, denbora asko pasatzen baita ezerezari begira noiz etorriko zain. Eta noski, zer ikusirik ez daukazunean gauza askotarako ematen dizu, zer den aspertuta egotea.
Hau gertatu zitzaidan azken aldia Urkiolaldean izan zen. Paraje polita benetan, hegazti espezie batzuk ikusteko ere ezinhobea. Ni arrokei begira nengoen, ea zortearekin zerbait ikustea lortzen nuen. Bat batean familia bat iritsi zen kotxearekin, arrapalada batean. Umeak “Urkiola parke naturala” jartzen zuen kartelera joan ziren korrikan, argazkirako irribarre bat egin eta kotxera bueltatu ziren berriz.
Minutu erdi bat baino gutxiagotan lekua “bisitatu” zuten. Bueno imajinatzen dut gero gainera sare sozialetara igoko zutela gurasoek argazkia (itxura guztia zeukan), eta gainera lekua izugarria dela kontatuko zuten gero familia eta lagunartean.
Eta ez dut esaten paisaiari argazkia ateratzea txarto dagoenik, hori nik neuk ere egiten dut (nire galeria ikusiko bazenute…). Nire ustez, gaur egun argazkia ez da esperientziaren oroigarri bat, argazia bera bilakatu da esperientzia. Paisaia baten aurrean gaudenean garrantzia gehiago ematen diogu mugikorreko pantailan nola agertzen den, paisaiari berari baino.
Leku hauetara paseatzera, behatzera edo difrutatzera joan beharrean badirudi helburua bertan egon garela ikustaraztea dela, nik uste naturak galeriako argazki bat gehiago izatearen arrisku bizia daukala.
Are gehiago, guretzako helduontzako natura hori bada, zer izango da ume edo gezteentzako? Zer irakasten ari gara? Paisaia bat argazki bat baino ez dela? Natura sare sozialetarako edukia baino ez dela? Niretzako ez behintzat.