NATURAL NATURAL
Ez naz bereziki kirolzalea, ikusle edo jarraitzaile moduan behintzat, baina aspaldion aitagaz esku pelota partidu asko ikustea tokau jata, eta hasi naz apur bat zaletzen eta ikasten. Jakina, nire zalantza guztiak argitzeko beralako maisu handia ondoan eukiteak be asko laguntzen dau, dakienari entzunda asko ikasten dalako.
Beraz, ez da plan txarra zapatu eta domeka arratsaldeetarako: frontoiak eta pelotariak ezagutu, partiduez gozatu, kontuak esan… Dejadak, horma bikoak, luze doazen pelotak, motelak batzuk, biziak beste batzuk, jokaldi ikusgarriak, pelotarien neke, hasarre eta pozak… gozatzeko moduko kirola duda barik. Baina egia esan, niretzako ahogozagarririk handiena partiduak amaitu eta gero etorten da, ez amaitzeko luze eritxiz egoten nazelako, orduan pelotarien mikro aurreko adierazpenak hasten diralako baino: danak ez badira be, gehien-gehienak euskeraz.
Ez genduke horregaz harritu beharko, baina zoritxarrez gaur egun be ondino atentzinoa deitzen deusku, kirol askotan ez gagozalako ohituta adierazpenen hizkuntza nagusia euskera izatera. Euskeraz dakien eta egiten daben bakarren batzuk kirol diziplina guztietan egoten dira, baina gehienetan gaztelaniaz heltzen jakuz kirolarien oihartzunak. Pelotarien kasuan, salbuespena euskeraz egiten ez dauena izaten da. Gainera zein jator, dotore eta natural egiten daben gehien-gehienek euskeraz, kazetarien hizkuntza bereko galderei erantzunez.
Lehenago aipatu dodan legez, azken zati horrek asko pozten nau, euskeraz egite hutsagaitik eta inguruan ereiten daben haziagaitik, euskeraren hazia, itxaropen haziak. Goi mailako pelotariok jente askoren erreferente dira, pelotan dabilzan ume eta gazte ugarirenak eta zale pilo batenak.
Erreferenteak danetan dira garrantzitsuak, eta euskerak be behar ditu, atzetik datozen belaunaldi gazteek bide beretik jarraitu dagien. Zoritxarrez, pelotariek ez dabe gabarrarik, autobusik edo balkoi jentetsurik, txapelketaren bat irabazten dabenean euren poz berbak euskeraz publiko handiagoari zabaltzeko, oihartzunak biderkatzeko, jente askoz gehiagorengana ailegau eta gehiagoren erreferente izateko, baina horrek ez deutso baliorik kentzen egiten dabenari. Euskerarentzat balio itzela dauka euskeraren aldeko jarrera horrek, urte osoko ahobiziak dira kantxetan, eta kirolari askoren eredu be izan beharko leukie.
Esandakoa, harritzekoa da zein natural egiten daben pelotariek euskeraz, eta zein natural onartzen dogun beste kirolari batzuk euskeraz berba erdirik ez egitea.