Natxi Aranburu: 'Santa Ageda bezperan, eskean koplari'
Jaiari gustua hartuta gabiltza egunotan. Aspalditik datorkigun usadioak ei dira eta zergatik egin muzin jai giroari? Ohiturei edo aisiari –biei batera– berez-berez kaso egiteko joera naturalari so gaude otsaila hasi zaigunetik: Kandelario, San Blas, Kataniako Santa Ageda, Ihauteriak… Planak ez dauka aitzakiarik: Kandelario egunean tostada jana, biharamunean San Blas kordela samara lotu urte osorako aseguru merke eta praktiko gisa, hurrengoan kantari ohitura zaharrean eta handik egun batzuetara mozorro jaia. Egitasmo trinkoa benetan ere. Aspalditik datozelaren traza nabari zaie jaioi. Gizakia naturari erabat lotuta zegoen hartatik; gerora, eliz-tradizioak bere kutsua gehitu eta santu, santa, ermita, bedeinkazio eta abarrez hornituta. Azken martitzeneko eta eguazteneko hitzak berrikustea baino ez daukagu, herriz herri eta auzoz auzo ume zein ez horren ume bazterrak poztuz, kopla zaharrei berriak pilatuz abesten ibili dira denetariko taldeak.
Herri txikietan, Natxitun adibidez, Santa Ageda aparteko graziaz bizi dute haren bezpera edo aurreko egunen baten etxerik etxe koplari ibiltzea: Santa Agedaren bularrak, solomo dultzea zatika edo osorik abestaldearentzat ematea, osasuna eta bakea, limosna on baten bila, etxeko alabaren edertasuna edo ugazabaren urregorrizko bisajea… Itzela, denak nahastuta! Delako santa horrek nonbaitetik –bertoko zaharrenek diotenez, hor goitik– begiratuz harrapatzen bagaitu egun horretan ikaragarrizko egun xelebrea pasatuko du. Bejondaiola, ze historiak dioenaren arabera sekulakoa izan ei zen Kintziano enperadore zantarrak ezarri zion sufrikarioa eta orain urtean behingoz behintzat upielakoak entzun ahal izango ditu bere omenez iji-aja kantatzen dituztenean euskal bertsolariek; bera ere farrez lehertzen eta pozarren.
Eskearekin lotutako kanta eta letrak asko eta asko. Zer eskatu, hala ere? Etxerik etxe joaterakoan supazter bakoitzeko egoerak nork jakin? Eta nori eskatzea ere ondo jakin behar. Kopla zaharrei begira jarrita San Agedari berari jartzen zaio arreta, haren esku ipintzen dira osasuna eta bakea esaterako, baina kantazaleari erreparatzen badiogu presoak etxera ekartzetik zein zakutoa diruz betetzerainoko eskaerak entzun ahal dira. Izan ere, herri askotan «santa eskea» lez dugu ezagun Santa Ageda bezpera egunean bazterrak nahastearena.
Beste kontutxo bat ere bada, bezpera eguna edo bezpera gaba? Kopla ezagunenetariko baten esanak gaba dio, baina askok eta askok, egunez dihartute. Errematatzeko, bezpera eguna bera ere hainbatetan ez da errespetatzen: bada eguna pasatuta kantatzen duenik, baita egun batzuk lehenago ibiltzen denik, edo… Zuk, Santa Ageda, denei egin kaso!