Natxi Aranburu: 'Udal hauteskundeak gurean (Gernika)'
Bukatu da, bukatu da, akabo! Asteburu gogoangarriak izan dira azken biak: bata hauteskundeek markatu zuten eta bestea Athleticek; zein baino zein, parez pare… Bietan irabazleak eta galtzaileak.
Futbola eta Atlhetica maite dutenek (haren zelai orlegi eta kolore zuri gorria) bukatutzat eman zuten joandako zapatuan beste behin ere euskal futbol talderik ospetsuenaren azken denboraldiko ibilbide bikaina. Datorren denboraldia ere hain oparoa balitz, pozarren!
Baina gure eskualdean –Busturialdea– aurreko asteburuak (maiatzaren 26koak) eman zuen eta emango du zeresan gehiago. «Zer gertatu da Gernikan?», ahoz aho dabil.
Gizon-emakumeon portaera ohikoa ikusita, akaso ez da ezer arrarorik gertatu. Hala uste ei zen eta hala gauzatu da uste hori. Eta orduan, galdera beste era batera planteatzea tokatzen da.
Gernikan, antza, ez dira aldatu –neurri handi baten– bozka emaileen hartzaileak; kopuruak behatzen baditugu, aurreko hauteskundeetan nori, orain ere hari eman diote euren konfidantza gure eskualdeko herririk enblematikoenean bozka. Konplexuagoa dena zera da: Zer dela eta egiten den bozka eskatzea, orain arteko lerro politikoa alde batera utzi eta aurrera begira beste norabide baten jarriz, erabat. «Hemen, herria (Gernika) da kontuan hartu behar dena» esateak ez du askotarako ematen. Lehenago ere hala izango zen eta hemendik lau urtera ere bai.
Baina nola imajina dezakegu, adibide bat ipintzearren, hurrengo urteotan Busturialdeko Ur Partzuergoan azkenaldian bultzatutako neurriak ( Gernikak barne) zerbitzu publiko duin eta prestigiotsu baten alde, hemendik aurrera agintari beretsuen eraginez kontrako norabidean jarriko balira?. «Jendeak eman dionari eman dio konfidantza eta kitto!», zioen batek. Horrela da, baina orain 8 urte ere jendeak talde jakin bati eman zizkion bozkak, baina beste batzuek okupatu egin zituzten aginte postuak hainbat herritan!
Gernikar hautesleek ez dute aldatu euren papereten hartzailea; kasua zera da, bozka jasotzaileak zer dela eta aldatu duten orain arteko ideologia (?)di-da baten: Jendea ez zegoelako ados egindakoarekin?, aginte-postuari dagokion jarlekua hain denez gozoa, ezkerra zein eskubia, hor konpon? Biak dira humanoak. Behar bada, badago beste arrazoiren bat ere.
Botere kuotari eusteko helburuan (eta honetan eskubikoak, zein ezkerrekoak, zein… daude) Gernikan gertatu dena itzela izan da! Bikain!
Hemerotekari erreparatuz, makinatxo batek eragin zion Gernikari, udal hauteskundek zirela eta. Geroak emango du azken ebazpena, beste askotan bezala. Bitartean irabazle argiak daude!
Azken baten, beti geratzen zaigu zaldi gainera igo eta bertatik jaisterakoan hartutako zartadak erabat aldatu gaituela aitortzea eta etorkizunera begira beste jokamolde batek markatuta utzi dituela gure orain arteko uste eta ideiak. Aspaldi dela gertatu zitzaion Tarsoko Saulori Damaskora bidean. Izan ere ekinoterapiak gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Geure eskualdean ere bai!