Nazkatuta gaude
Kotxean, Donostiara bidean noala entzun dut berria irratian. Gizon batek 13 urteko semearen laguna hil du labankadaz Valentziako herri batean. Hotzikara izugarria sentitu dut entzutean; ileak ere tente jarri zaizkit. Lehen hipotesien arabera, ez omen dakite gizona bera den benetan hiltzailea, edo semeak hil duen, eta bera babesteagatik entregatu den komisaldegian.
Egun batzuk geroago argitu dute gertatutakoa. Gizona bera izan da egilea. Semearen testigantzak bere bertsioa berretsi du. Egunkarian orri osoko albistea aurkitu dut, eta hauxe izan da titularra: «Zure amak zoratu egin nau». Semearen laguna erail bezain pronto horixe izan zen hiltzaileak semeari esan ziona. 13 urteko umea hil, eta berehala, emazte ohiari bota zion errua. «Ikusi duzu zer lortu duen zure amak?», izan ziren aitaren hitzak.
Hiltzailea eta bere emazte izandakoa duela gutxi banandu omen ziren, eta gizona ez omen zegoen ondo. Umeen zaintzarengatik epaiketetan zeuden. Baina goazen gertaera hotzean aztertzera: gizon horrek, mundu honetan egin daitekeen gauza txarrenetako bat egin du; ume bat hil du, eta bere burura lehenengo etorri den gauza, bere emazte ohiari errua botatzea izan da. Betirako hilketa makabro hori ikusi izanarekin bizi beharko duen semearen aurrean, haren ama egin du errudun.
Beste behin, errua emakume bati. Beste behin, ardura, gertaerarekin zerikusirik ez duen andre bati botatzen ahalegindu dira. Noiz arte jarraituko dute emakumeok errudun bihurtzen? Gu nazkatuta gaude.
Gure jendartean, betidanik izan da emakumea gizonaren zorigaitzaren errudun. Biblian ere hortxe dugu adibide bat. Adamek jan zuen debekatutako fruitua, baina noski, errua, Evarena izan zen. Emakumeak bultzatu zuen gizona pekatua egitera.
Urteetan zehar, askotan zalantzan jarri da erasotuak izan garenean, edo norbaitek guk nahi izan ez dugun zerbait egin digunean, gure jarrera zuzena izan den. Ea biktimak beharrean, erasoa jasatearen benetako errudunak gu izan ez garen. Zenbatetan jasan ditugu: «horrela jantzita bazoaz, zerbait egiten badizute, ez harritu» edo «seguru argi esan zeniola ez zenuela berarekin ezer nahi?» bezalako galderak. Zenbatetan irakurri dugu, gehiegi maite zuelako jipoitu edo hil duela norbaitek emaztea?
Nazkatuta gaude beti historiaren alde txarrean egoteaz. Gizarteak baztertu eta gutxietsi egiten gaitu askotan. Eta guzti hori gutxi balitz, gizonek krimen bortitzenen errudun ere bihurtu nahi gaituzte. Gu errudun sentitzea nahi dute, eta guk ez dugu onartuko. Gu nazkatuta gaude.