Neba-arreba juduak gogoan
Zazpi bat urte izango nituen; etxeratzean amari galdetu nion zergatik ikaskide honek eta horrek esaten ziguten «judio», iraina bailitzan. Amak azaldu zidan juduen kontrako jarrera zabaldua zela batzuen artean eta, nire lagunak juduak zirenez, baztertzeko aitzakiatzat zerabiltela.
Emigratu nuen eta judurik bako herri honetara etorri nintzen.
Gogoan dut, artean 2000.a jotzeko zegoela, San Antoneko zubian militante gorrixka batzuen pankartak Daviden izar marratua zuela. Onartu nitzakeen berbek laguntzen zioten onartezina zitzaidan irudiari.
Ez dut nire lagun judu sekularizaturik defendatu nahi. Ez. Horiek errazak dira ondo hartzen gorrixka, berdexka zein urdinexkentzat.
Judutasunetan juduena izan daitekeenaren defentsaz idatzi nahi dut.
Jerusalemeko alde zaharrean bizi, Zisjordania okupatuan ibili edo Rafi-Nia sinagogara orain dela astebete sabata gogoratzera joandakoak ditut gogoan. Hitlerren ingurukoek definitu zuten judu arerio bat, Europatik ezabatu beharrekoa, tokirik ez zukeena izan behar lurbiran.
Erdaindubako seme baten aitak asmatu zuen diskurtsoari segitu ziotenek, naziek konbentzitutako batzuek, judutasunaren definizio horri heldu zioten; eta Israel estatua eraiki zuten. Fundatzaile horien hurrengoek diote beraiek direla estatu judua. Eurek aldarrikatzen dute judutasunaren defentsa direla. Eta defentsa horren eta estatu haren indarrez naziek definitutako judutasunaren izenean desegin nahi izan dute lurreko herria; arerio egin dute arerio ez zena.
Ez da urrunera joan behar «armada/ejerzito judua» irakurtzeko, tzahal aipatzeko orduan. ETB, Naiz.eus, Deia, ELA, Nabarralde… Ez dago zertan ABCra edo Correora urrundu behar.
Rabbi Mosh Hisrsh elkartasuna ematen joan zen Zisjordania okupatuan, sionisten armadak Muqataa inguratuta zeukala. Joan izana ez dut ahaztuko.
Ez dut ahaztuko Neturei Kartako judu ultraortodoxoek salatu egiten dutela juduen beraien artean sionismoaren basakeri nazia. Eta ez-juduon artean ere bai.
Rafi-Nia sinagogan batzen ziren juduei apiril honetan sionisten bonba batek kendu die sabata Torah gordetzeko tokia. Juduak haiek ere.
Ezagutzen nabenak badaki judu izatetik eta erreibindikatzetik ondo urrun nagoena. Baina judu izatearen duintasuna defendatu beharra daukat gizarte itsutuan.
Diskurtso naziz (eta beraz, sionistez) garbitu lumak, idazleok; pankartak, militanteok; ahoak, eritxi emoileok. Xalom.