Negligentzia emozionala: helduon ondoezaren oinarria
Negligentzia emozionala haurrek beharrezkoa duten zaintza nahiz arreta emozionala ez eskaintzea da. Haurren ongizatean zein garapenean ondorio larriak ditu; berbarako, autoestimu-gabezia, antsietatea, depresioa eta lotura afektiboak sortzeko zailtasuna.
Isilpean garatzen den arren, modu askotan ager daiteke; esaterako, haurrak sentimenduak adierazten saiatu –tristura edo beldurra, kasu–, eta gurasoek horiek baztertzen eta gutxiesten dituztenean; hori dela eta, haurrek sentitutakoa ezkutatzeko joera izan dezakete. Adituek fenomeno ikusezina dela azaltzen dute, ez baita erraza identifikatzea. Gainera, gehienetan, gurasoek ez dute beraien jarrera kaltegarritzat jotzen, eta, maiz, eurek izandako hezkuntza-eredu bera errepikatuz arazo eta kezkak pasatzen dizkiete ondorengo belaunaldiei.
UNICEFek eta Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ohartarazi dute bai jendartearen, bai familien egonkortasunaren eta baliabideen mende dagoen fenomeno sistemiko bat dela. Bizi-baldintzek, hala nola, familia-ereduek, gizarte-mailek, baita hezkuntza-aukerek ere, eragin zuzena izan dezakete. Negligentzia emozionalaren arriskua areagotu egiten da familiek baliabide-urritasunak dituztenean, haurrak emozionalki zaurgarriagoak bihurtzen baitira. Haurtzaroa da etorkizunerako oinarriak sendotzeko garaia, eta haurren garapen osasuntsua bermatzea gizartearen erantzukizuna ez ezik, lehentasuna ere izan beharko luke. Beraz, premiazkoa da bai prebentzioan lan egitea, bai esku-hartzea bultzatzea. Horretaz gain, gurasoei heziketa emozionala nahiz baliabideak eskaintzea ere beharrezkoa da, haurren hazkundean ingurune osasuntsuago bat bermatzeko; egia esan, guztiok dugu arreta emozional egokiarekin hazteko eskubidea.
Argi dago haurtzaroan jasotako arreta emozionalak eragin zuzena duela guztion ongizatean eta garapenean. Negligentzia emozionala isilpekoa den arren, ezinbestekoa da gizarte osoak parte hartzea haur guztiek ingurune emozionalki aberatsa izateko –azken batean, beraien eskubideak errespetatzeko–. Zorionez, lanketa sakonak eginez, aurrea har diezaiokegu; dena dela, xede hori bete ahal izateko, ahotsa eman eta isilekoa izateari utzi behar dio.
«Abrígales en la infancia, y no pasarán frío el resto de su vida», eta ez gara berokiez ari.