Negoziorako eskubidea ala etxebizitza eskubidea?
Pasa den astean Lekeition familia batek pisu bat okupatu omen du. Turismotik dirutxoa egiten ari zen baten baten VT bat. Horren aurrean, jabe txikiz jositako (edo behintzat asko entzuten diren) herrian ez dira falta izan «indignazioak». Legeak ez omen daude eginda haientzat. Ez omen dago babestuta jabetza huts batetik negozioa egiteko eskubidea.
Kontrara da hain zuzen ere, legeak zuentzat daude eginak oraindik ere. Nola da bestela legala, papel batek etxe baten jabetza ematen dizulako, beste pertsona baten soldataren %54 (2023ko datu ofizialen arabera) poltsikora sartzea atzamar bat bera ere mugitu gabe?
Han zein hemen, langileok gero eta zailtasun handiagoa dugu etxebizitza bat eskuratzeko, izan jabetzan, izan alokairuan, eta arazoa are grabeagoa da Lekeitio bezalako herrietan. Paraje ederra denik ezin ukatu turista zein berton bizi garenontzat. Baina, arrazionalki antolatutako gizarte batean, leku ederra izateak ez luke zertan inplikatu behar urte osoan zehar etxeak hutsik egon eta udan biztanleria hirukoiztea. «Tenporadako» alokairuaren azpian ezkutatzen dira ehunka (!) alokairu turistiko, eta errealitatea da (berriro datu ofizialen arabera) urte guztian bizileku diren etxeak %57,4 direla. Gainontzekoak zer?
Jendea kale gorrian edo trasteroetan lo egiten ari den bitartean, jabe txikien negozio eskubidea zein uda hemen pasatzeko 6.000 euro ordaintzeko gai direnen eskubideak agintzen duen herrian eta gizartean bizi gara. Etxebizitza eskubidea txiste txar bat da gaur gaurkoz.
Errealitate biolento honen aurrean, proletalgoa jabe handiei, txikiei zein estatuari «engainatzera» kondenatua dago, eta batzuetan okupazioa du kale gorria saihesteko modu bakarra. Haiek ez badute haien legea betetzen, guk zer dela eta bete behar genuke?
Ezin gara instituzioen borondate onaren zain egon. Ezta jabetza duzuenon instintu karitatiboa aldatuko delako esperantzan ere.
Antolatu gaitezen.