Neurri berriak, gabezia zaharrak
Covid 19aren egoera epidemiologikoak okerrera egiten jarraitzen du. Kasu positiboek gorakada nabarmena izan dute Lekitton, eta ondorioz, azken 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500dik gora duten udalerrien zerrendan gaude joan den astetik. Honek, semaforo sistemaren zonalde gorrian jarri gaitu, eta hainbat murrizketa hartu beharra eragin du. Egunotako datuak ikusita, gainera, ez dirudi eremu horretatik berehala aterako garenik.
Egoera larria da, beraz. EH Bildu beti agertu da prest laguntzeko, eta hainbat proposamen aurkeztu ditugu unean uneko egoerari aurre egiteko. Era berean, komunikazioan indar berezia egin behar dela azpimarratu izan dugu, inposaketan baino heziketan oinarritutako politiken aldeko apustua egitearekin batera. Berdina uste dugu oraindik.
Horregatik guztiagatik, Lekittoko Udalak hartutako azken erabakien aurrean (instalazioen edota jolas parkeen erabilerari buruzkoak, besteak beste), Lekittoko EH Bilduk zera eskatu dio Udal Gobernuari:
- Herriko egoera epidemiologikoaren berri zehatzagoa ematea herritarroi, osasun agintariekin izandako hartu-emanetatik dakiena baliatuta. Neurrien zergatiak ulertaraztea da horiek betearazteko tresnarik onena.
- Erabakiguneetan kontuan hartzea inplikatutako gainontzeko eragileak, eta bereziki, oposizioko alderdi politiko bakarra, EH Bildu. Horrekin batera, herriko eragile eta taldeak aintzat hartzea erabakietan, horretarako bide egokiak erabilita. Haien iritziak eta egoera jakitea ezinbestekoa da udal batentzat.
Egoera bereziek konponbide bereziak behar dituztela entzuten ari gara aspaldian. EH Bildu ados dago horrekin. Ostera, berbek diotena ez dugu eguneroko ekintzetan ikusten. Lekittoko EH Bilduren ustez, gardentasuna, zintzotasuna, parte hartzea eta ausardia dira erakundeetatik egoerari aurre egiteko oinarria. Hori da herritarrei zor diegun gutxienekoa.
–Miren Tere Aboitiz Erkiaga eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Lekeitioko EH Bilduren izenean.