Next generation... last generation
Ai, zelan gustatzen zaigun proiektu erraldoiek ingeles hitzegin janztea! Agian ponpoxoagoak dira edo agian jende batek ingelesa ulertu ez eta «kanpokoa beti ona denez»…
Bihoa beste ezeren aurretik, ez dudala argi Guggeheim-Urdaibai delakoaren alde edo aurkako iritzi argirik berez. Hau da, abstraktuan hartuta, artea bezala, museo bat gauza ona edo txarra izan daiteke; testuingurua aztertu behar zerbait gehiago jakiteko.
Next generation izango dugu beraz. Bai, zuek, gaztetxoak zarete gure next generation. Gu erdiko hauek besterik ez gara, next generation eta last generation artean gauden kokoloak. Guri esker izango duzue museo hori. Gu, herritar xumeak egon kalean, komunikabideetan, tabernetan, maskarillatan… «Guggenheim bat behar dugu!» aldarriaren atzean. Bestela gure eskualdearenak egin du!
Ni ez naizela hemengoa? Bale, baina hemen bizi naiz, hemen lan egiten dut, hemen Gernikako plaza mantentzen laguntzen dut eta hemengoak dira nire seme-alabak. Erabakia hartu dutenak bezain urdaibaitarra banaiz behintzat!
Museo bat utziko dizuegu herentzian. Ondo aprobetxatu gero! Ez da edozein gauza: Guggenheim bat da, beno, Guggenheimaren frankizia bat; haren fundazioak akabo esaten duen momentu berean, ba akabo.
Hor duzue etorkizuna, nexty-ok. Horrek lanpostuak sortuko ditu zuentzat. Bai, lehenengo Muruetako untziolan dauden langileak handik kendu beharko ditugula lanpostu horiek eskualdetik kanpora bialduta eta, iñozoa neu, agian tartean «pelotazo inmobiliario» bat joz.
Egia ere, museo horrekin beste ikuspegi bat emango diogula hemengo museogintzari, beste dimentsio bat: artea eta natura uztartu.
Bale, hori lehenago ere badago: Omako basoa, Madariaga dorretxeko zaldia, Robert Garayren land-art… baina horiek ez dira «arte homologatua». Eta natura, tira, eukaliptoz betetako inguru eder bat utziko dizuegu, nexty maiteak. Etorriko diren turista asko eta asko last generation izango direnez, adindunak, Benidorm style, eukalipto arteko arnasa osasungarria da guztiz, txori kanturik entzun ezin badaiteke ere.
Ez dakit, ez dut oso argi Guggenheim-Urdaibai delakoarena, baina beste haren kantak zioen bezala «kontuak ez zaizkit ateratzen ongi». Kasualitatez, abestia Zaindu maite duzun hori da.
Zaindu zure eskualdea, zaindu zure jendea, zaindu zure etorkizuna.