Norgehiagoka
Gizakien bizitzan norgehiagokak garrantzi handia izan du, dauka eta izaten jarraituko du. Gizakiak bere oinarri sakonenean darama norgehiagokaren sena. Bizitza ezin da ulertu sen hau gabe. Bizitza lehia bat da, arlo pertsonalean, gizarte mailan, herrien eta nazioartean…
Lehia honen adibide nagusia eta agerikoena kirol profesionala da; futbola, batez ere. Mota guztietako indarrak neurtzea gustatzen zaigu. Ez indar fisikoak baka- rrik, indar mentalak ere bai. Eta hauek, fisikoak baino garrantzia handiagoa dute, nahiz eta kirol profesionalen bitartez indar neurketa fisikoak gero eta garrantzi gehiago izaten ari diren.
Hauek azaltzen dira gehien bat ikus-entzunezko hedabideetan. Diru negozio ikaragarriak daude tartean. Ume eta gazte gehienen ametsa kirolaren bitarez bizi eta gozatzea da. Baina ez da diru kontua bakarrik. Barru-barruan, denon norgehiagokaren sena dago. Tartean, dirurik ez egon arren, gure lagunkidea baino gehiago izatea nahi dugu bizitzako arlo guztietan. Nahiz eta gure lehiakidea lagun min handiena izan, berari irabazten ahalegintzen gara.
Naturak eman digun indar berezi honi esker mugitzen da mundua, eta gizakiak aurrerapausoak ematen ditu, arlo guztietan, bai ekonomian, politikan, hezkuntzan, bai eta arlo pertsonalean edo eta sozialean. Beharrezkoak diren alde baikorrak ditu, baina baita alde ezkorrak ere. Munduan eta historian izan diren gerla gehienak norgehiagokak eraginda sortu dira, batez ere, ekonomiarekin lotutakoak. Hauen ondorioak, zoritxarrez, ezagunegiak dira. Baina, hauekin batera, badira gizartean, hedabideetan agertzen ez diren norgehiagokak ere. Hauek, ezkutuan izaten dira, eta ez dituzte sortzen gerla «ofizialak» izaten dituzten kalte izugarri eta beldugarriak. Baina hauek ere kalte eta min handiak eragiten dutenak izaten dira.
Gure arteko norgehiagoketan gabiltza etengabe, bata bestearen gainetik izateko ahaleginetan. Txikitatik eskolan hasi eta gaztaroan eta helduaroan jarraituz, ez dira zahartzaroan ere guztiz desagertzen.
Denok ditugu gai desberdinetako dohain bereziak. Baina aukerak izatea ere beharrezkoa da dohain horiek azaltzeko. Onartezina dena da gai konkretu batzuetan nabarmentzen direnek besteak mespretxatzea, beheratzea, gutxiestea. Harrokerien ordez,bakoitzak dauzkan dohainak apaltasunez gizartearen zerbitzuan jartzea dagokigu.