Ohitura traketsak nagusi, arrakasta... ihesi
Inoiz helduko ez zelakoan, ikasturte berria berton da. Eta ikasleek, ikasturte bakoitzaren hasieran bezala, asmo eraberrituz, itxaropen handiz eta, batez ere, egoerei aurre egiteko kemen eta indarrez azaltzen dira. Gurasoak ere, euren seme-alabek ikasturtean azalduko diren betebeharrak gaindituko dituzten asmoz dira. Ikasturte hasiera…guztientzako alaitasunezko egoera. Errealitateak, baina, bere aurpegi latza behingoan erakutsiko du, hasierako bizi poza errotik zapuztuz.
Gurasoen ardura nagusia emaitza onak lortzean datza, hau da, seme-alabek ikasketan arrakasta izatea baina horretarako eguneroko ohiturak aldatu behar. Gurasoak itxaropen antzuan dira, ikasketa-ohitura eta prozesuetan berariazko prestakuntzarik gabe euren seme-alabentzako arrakasta nahi izatean. Ikasle eta nagusiok baitaratutako ohitura gehienak oso trakets eta kaltegarriak dira eta ohitura traketsak nagusi izatean arrakasta izaten da… ihesian. Emaitza bikainak nahi badira, ezinbestekoa da ohitura eta metodologia bikainak izatea.
Ikas-ohitura bikainak eta metodologia jasoak barneratzean, norbere izana eraldatzen da, konfiantza, motibazio, autoestimu eta norbere gaitasunekiko segurtasuna lortuz. Ohitura txarrak kalte handia dakarten bezala, ohitura bikainak arrakastarako bidea erakusten digute. Gure izana ohiturak eraikitzen dutenez, ohitura bikainak izatea, bai ikasketetan eta baita bizitzaren beste arlo guztietan ere, funtsezkoa da. Gauza gutxik dauka bizitzan gure ohiko ohiturak hobetzeak baino eragin garrantzitsuagorik. Ohiturak aldatzea zaila denez, ikasleek aurreko ikasturteko ohitura desegoki eta jarduera moduak errepikatuz jardungo dute, emaitzetan eraginez.
Ohitura kaltegarriak eraldatzeko prozesuan egiten den errakuntzarik handiena, ikasleak barne, aldatu behar ez den zerbait etengabe aldatzen saiatzea da. Ikasketetara etorrita, lortu nahi dugun hobekuntzarako sistema garatzean, arazoa ez datza maila bat bestea baino hobea den zehaztean, egin nahi den aldaketak daraman norabidean baino.
Emaitzetan oinarritutako ohituretan, ikasle eta gurasoen ikuspegia, hein handi batean, lortu nahi den helburuan (emaitzak) jarrita dago. Errakuntza nabarmena horrela jardutea. Horrela ez da, saiatu arren, ohiturak eraldatzea lortzen. Aldiz, nortasunean oinarritutako ohiturak hobetzean, ikuspegia etorkizunean «nor izan nahi dudan» helburuan kokatzen da eta hauxe da ohitura txarrak errotik eraldatzeko bide bakarra. Egungo gazterik gehienek euren ohiko jarrera eroso eta konformistan egonkortu eta finkatuta daude. Ohitura txar askoren jabe izanik, ahaleginerako jarrera urria eta etsipenerako erresistentzia ahularen jabe dira. Bestalde, ez dute autodiziplina-gaitasunik, ez baitute ez irakasleak eta sarri askotan gurasoak ere, horretan behar beste erreparatzen, berandu izan arte.
Gurasoek sarri aipatzen dute seme-alaben motibaziorik eza baina motibazioa, egia esan, ahaleginarekin, autodiziplinarekin, dedikazioarekin eta eginbeharrarekin uztartu behar da. Ez da berez sortzen, gurasoek uste bezala. Ikaslearen betebeharra ikasketei heltzea da, hau da, ikasteko gogorik izan ez arren nola ikasi behar duen jakinez ikasten jartzeko ohituraren jabe izatea.
Hainbat guraso ikasturtea gainditzeaz besterik ez dira konformatzen. Errakuntza ikaragarria. Hori ez da ikasketen garrantziarekiko kontzientziarik ezaren erakusle baino besterik. Halan goaz.
Guraso askok seme-alaben goi mailako formazioan baino beste gauza batzuetan baliabide ekonomikoak inbertitzea lehenesten dute horretarako euren kontzientzia garbitze asmoz zuribide hainbatetan antzu eta ganora gabekoak adieraztera emanez.
Ikastetxeek ikasleen irakurketa-ulermen urria bideratu ezinean dira. Ez dute, zoritxarrez, irakurtzen irakasten eta eraginkortasunez, bikain irakurtzen ez dakienak jakintza eta ezagutza errotik eragotzita ditu. Egungo irakurketa erabat zaharkitua eta bidegabea da. Ikastetxeek ez dakite irakurtzen irakasten; ez dira ikasleei irakurtzen irakasteko gai; ez dute ikasle irakurzalerik sortzen eta irakurgaitasunean arazo larriak dituzten ikasleen gurasoei ez die inolako irtenbiderik ematen, sarritan ikaslea ikasturtea errepikatzera behartuz. Garratza eta mingarria izan arren, horrela da.
Ikasketen azken helburua ez da emaitza bikainak lortzea edota ikasturtea gainditzea bakarrik, baina tamalez gurasorik gehienen asmo eta helburuak horiek besterik ez dira eta horrela… oker goaz.
Gure gaitasun intelektualak, heziketa eta jakintza-nahia ditugu gure garapen pertsonalaren, gure kulturaren eta bakoitzaren nortasunaren adierazgarririk nabarmenenak eta bakoitzari dagokigu lan horretan murgiltzea jakintza-hegoz jantziz pertsona eta gizarte bezala gero eta hobeak izan gaitezen. Jakintzak gaitu aske, ez besteek. Gure esku dago.