Oinak eta oinetakoak, bideak eta bihurguneak
Hiztegiek esaldi bakarrean definitzen dute urteen batuketa: «Jaiotzatik heriotzara bitarteko denbora».
Hemezortzi zentimetroko oinak dituen haurrari bizitza zer den galdetuz gero, Nintendoko Mario Broseko mundu batetik bestera salto egitea dela esango luke, edo, bestela, jokoa pasatu ezean, galdutakoa. Aurpegian lehenengo aldiz garauak irten zaizkion gazteak, ordea, urtebetetzeko pastelean kandelak gehitzea dela dio. Urtetik urtera, kandelak ugaritzearekin batera, gehiago dira ezagun dituen sentimenduak ere: plazera, ikara, bakardadea, lotsa, desira… Jaioberrien antzera, nerabeak estreinakoz egin izan behar ditu bere kabuz orain arte amaren gonapetik egiten zituen mandatuak; ondo baino hobeto gogoratzen du lehenengoz medikua bakarrik bisitatzean, ahotsean zeukan dardara. Lehen nahiz azken aldiak bizitzea esango luke beste batek: loak hartu orduko gurasoek irakurritako ipuinak eta amamaren txokolatezko ogitartekoak atzean utzi, eta bazkalosteko kafea eta ajea ezagutu.
Bizitzako azken oinetako parea erosi duen helduak —oraindik ez dakien arren, noski—, poliki-poliki bizitza lurrundu zaiola dio. Gainerakoen nahiak betetzen, inoren oinatzak errepikatzen, ezetz esaten ikasi ezinik eta hurkoen iparroratza izan nahian, egutegiari orri gutxi batzuk besterik ez zaizkiola gelditzen ohartu da.
Bizitza eta bideak ez dira inoiz zuzenak —inoiz Lekeitiora etorri bazarete, argi izango duzue—, baina bihurgune horietaz gozatzen ikasi behar da, inoiz ez dakigu noiz izango den erosiko dugun azken oinetako parea eta.