Oparirik onena: harremanak, noski!
Zarata batek itzartzen nau gau beltzean. Komunera joan behar dudala eta ohetik altxatzen naiz. Bide batez mugikorrean zein ordutan bizi garen begiratzen dut. Txisa egin ahala whatspp-ak begiratu eta sare sozialak kuxkuxeatu ditzakedala otutzen zait erdi lotan:
Eckhart Tolle: «Harremanek ez dizute minik ezta poztasunik sorrarazten. Dagoeneko zure baitan dagoen mina edo poztasuna baino ez dute azaleratzen».
Ohearen berora bueltatzen naiz. Bertan beste norbait egoteagatik bero dagoen ohera.
Ordu batzuetara iratzargailuak jotzen du. Alboan dudan horri maitasunez betetako egun onak eman, minutu batzuk maitasun horretaz gozatu eta berriro ere komunera. Keinu automatiko batez mugikorra hartu, ohiko programak eta mezuak zabaldu…
«Gure aiton-amonek ‘jan ezazu guztia aurrerantzean, beste guda bat etorri daiteke eta’ esan ohi ziguten, gerra ostean pasatu zuten gosea gogoratuz. (…) Etorkizunean, aiton-amonatuta gaudenean gure lobei ‘besarkatu nazazu, aurrerantzean ez dakigu posible izango den eta’ xuxurlatuko diegu» iragartzen duen lagun baten eskutitza.
Tolleren ideia indibidualistaren aurrean besteekin harremanak izatearen beharra dugula sinesten du azken lagun honek. Distantziak eta isolamenduak min ematen digutela sentitzen du bakarrik edozerretarako gai garela aldarrikatzen duen nork bere burua gainditzeko diskurtsoarekin alderatuta.
Barrenak hustea gomendatzen zuen Mercedes Sosak abestu ohi zuen kanturen batean. Testu hark zioenaren arabera, barruan beste zerbait ernaldu ahal izateko beharrezkoa omen zen.
Baina bakarrik edo isolaturik ez sentitzeko zein barrenak husteko behar ditugun besteak ez ditugu soilik era instrumental batean behar. Besteek aintzat hartzen ez bagaituzte, besteek gure harremantzeko gonbiteei erantzuten ez badiete… gonbiteok ez dira existitzen; gu ez gara existitzen. Harremanek egiten gaituzte. Harremanik gabe, ez gara. Harremanek izan daitekeena mugatu eta (aldi berean) ahalbidetzen dute.
Bada harremanek eraikitzen gaituzten horretan eta harremanen bitartez eraikitzen ditugun horien parte samina, gaizki-ulertuak, ikuspegi kontrajarriak, deserosotasunak… ere badira.
Eckhart Tolleren baieztapenarekin sentitu dudan deserosotasuna bezala. Eskerrak eman behar dizkiot, ordea, gogoeta hau pizteagatik. Gaueko orduetan izan bada ere…