Osasun eskubidea guztiontzat ote?
Apirilaren 7an Osasun Eskubidearen Nazioarteko eguna izanik, geure buruari honako galdera egin behar genioke; “Osasun eskubidea guztiontzat ote?”. Erantzuna teorian baiezkoa litzateke; BAI, denok dugu osasun eskubidea. Arazoa, ordea, eskubide unibertsal hau edozein herrialdetako norbanakoei berdin aplikatzean ez zaienean datorkigu.
Hori horrela, SARE Herritarreko kide gisa, larriki gaixorik dauden euskal presoek bizi duten egoerari erreparatu nahi diogu. Urrunketa politikaz gain, presoei duten gaixotasuna euren etxekoen ondoan artatzeko eskubidea ukatzen zaie-eta.
Kepa, Ibon, Foru… izen ugariko zerrenda luzea osa genezake. Honenbestez, Entzutegiek ezarritako zigorraz gain, presoek pairatzen duten oinarrizko eskubideen urraketa azpimarratu beharra dugu.
Duela gutxi, Massimo Pavarinik, Boloniako eskubide penalen katedradunak horrela zioen: “Eskubide penalaren beste aurpegia erakusteari aurrera begirako ausardia esleitu behar zaio, justizia beraren ondorioen gordinkeriari”.
Horretaz gain, zigor kodeak eta Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako baldintza bereziak kontuan hartzen dituela gogorarazi nahi dugu. Esaterako, larritasun handi edo sendaezinak dituzten gaixoena, baita 21 euskal preso hauena ere, hortaz. Baldintza berezi horiei helduz, gaixotasunaren beharrezko informearekin eta presoaren sailkapena kontuan izan gabe, hirugarren graduan beharko lukete, arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko. Eta noski, baita justiziagatik ere, horrela jasotzen baitu espetxe araudiko 100.4 artikuluak.
Egia da, zigorturik egon eta gaixotasun larri bat duen preso baten kaleratzeak, ez duela sendaezina den gaitz baten sendatzea ekartzen, baina horren hobetze eta garapenaren moteltze nabarmena dakar, zalantzarik gabe. Izan ere, profesionalek artatzea eta presoaren giro zein ingurunearen aldaketak positiboki eragingo du gaixotasunaren garapenean.
Beste behin, SAREk honako hau azpimarratu nahi du: legediaren aplikazioa ez da inolaz ere estatuaren amore emate gisa ulertu behar. Hau da, larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea ez da amore ematea, euren eta Europaren legedia betetzea baino ez da. Eta legeak bete ditzatela eskatzeko Busturialdea eta Lea-Artibain egingo diren zubi-mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diozuegu:
Gernikan, apirilaren 5ean, barikuan, 19:30ean Merkuriotik giza katea.
Ondarroan, apirilaren 7an, domekan, 12:30ean Zubi Zaharrean.
Bizirik eta etxean nahi ditugu!
Leire Gonzalez Enbeita eta Andoni Urkiza Solabarrieta.