Paladaz palada
Ez naiz inoiz frontoi zalea izan. Leku handiak eta hotzak iruditu izan zaizkit beti. Bertso saioren bat ikustera joan eta jertsea soinetik ezin kendu, kontzerturen bat entzuteko oihartzun gehiegi. Herri bazkarietarako bakarrik iruditu izan zaizkit egokiak.
Eskolatik esku pilotan edo palan jolastera joaten ginen garaiak urruti xamar gelditu zaizkit, eta kirolerako doteak inoiz bereziki onak izan ez ditudanez, ez nuen gehiegi gozatu izan. Izan ere, gozatu ahal dezake batek gaizki egiten duen horretaz?
Entzun nuen emakume kuadrilla bat elkartzen zela Mutrikuko Miruaitz frontoian astean behin palan jokatzeko. Ideia ederra iruditu zitzaidan. Emakumeok konkistatzeko ditugun espazio guzti horietatik bat gehiago da ziurrenik frontoia, eta okupatu beharreko espazio ederrak dira, zalantzarik gabe, txokoa eta zabala. Inbidia apur bat sentitu nuen. Ohartu orduko, lagun bat eta biok animatu ginen, kirolean gu baino ibilbide luzeagoa duten beste lagun batzuekin batera, frontoiari aspaldi eman gabeko erabilera ematera.
Beldurrez, lotsaz eta irrikaz beterikoak izaten dira, normalean, lehen aldi gehienak eta halakoxe izan zen hura ere. Ondo egiten ez dakizun hori egitera ausartzeak beti dauka arrisku eta balentria puntu bat. Zorionez, frontoia ez da oroitzen nuen bezain hotza; ez zegoen jertse beharrik eta herri bazkarietako goxotasunaren antz gehiago zuen hango giroak. Irribarretsu eta xamur hartu gintuzten emakume palistek. Dena den, eromena izan zen lehen entrenamendu hura. Nire palak eta pilotak apenas egin zuten bat, baina hala ere agujetez eta babaz beteta amaitu nuen arratsaldea. Nekatuta baina irribarretsu. Izan ere, beti da plazerra gauza bera behar beste alditan azaltzeko prest dagoen jendea aurkitzea; bat asmatu dezazun kideak behin eta berriz pilota botatzea; edo hobeto senti zaitezen norbaitek bere lehen aldia kontatzea.
Beraz, bai, erraza ez den arren, gozatu dezake batek ondo egiten ez duen horretaz. Mila esker emakume palistei, Mutrikun eta hemendik kanpo paladaz palada bidea egiteagatik, eta batez ere, pazientzia handiarekin pilotari joten asmatu arte sakeak ateratzen egoteagatik. Bitartean, palada bakoitzaren ostean tripak lehertu arte egingo dugu oihu frontoi guztia dardaraka jarriz. Izan ere, zer nahi duzue esatea, azken hilabeteetan herrian izan dugu oihu ozen egiteko hainbat arrazoi, nahiz eta oraindik ez dugun herria dardaraka jarri.