Pantografoa
Gobernantza. Ahalmen politikoa. Gaitzea. Botere publikoa. Ez dira ez edonolako hitzak, ez dira ez edonolako ardurak. Abiada bizian jarraitzen dugu hauteskunde deialdi ezberdinek betetako udaberrian. Bakoitzak, seguru, neurri eta doinu ezberdinetan biziko ditu ariketa hauek.
Sistema kapitalista globalaren pribatizazio prozesuak zeharkatzen gaituzten dimentsio eta eskala anitzekoak dira. Zeharkatzen gaituzten bai, bigarren pertsona pluralean, eta zeharkatu aditza. Ez dira ezerezean eusten diren mundu mailako prozesuak. Erabaki aski handi horiek ere, han nonbait traje eta korbatadunetatik ezarritako horiek ere, itzulpen errealak –errealegiak– dituzte gurean, gure gorputzetan, gure bizitzetan eta gure lurraldeetan.
Ez da ezerezekoa, klima aldaketaren erantzukizunik handiena duten 100 enpresa eta hauen arduradun nagusiak mapa batean kokatu eta… voilà: Josu Jon Imaz. Ez eta mugitzearen irudia eman nahi baina lekutik mugitzen ez diren bizikleta estatikoak irudi izatea. Ez da ezerezekoa Donostia edo Bilbo (zer esanik ez BAM-ko –Baiona Angelu Miarritze– urteetako irakaspenak) lur aldeetako apartamentu turistikoetarako baimenen igotze zerutiarra, ez eta lo egiten ditugun hoteletako gelen garbitasuna bi euroren truke egiten duten –gehienbat– emakumeen minaren aurkako prozak, eta ibuprofeno kantitateak, edo erresidentzietako emakume langileen 6.000 euroko arrakala eta 15 minutuko mugak nagusiak esnatu, garbitu eta janzteko. Ez da ezerezekoa mundu gobernantza kapitalistako zazpi arduradunak Miarritzen elkartzea.
Erabakiak dira, gobernantza erabakiak, botere publikoa, zeren alde lerratzen garen –ta beraz zeren alde ez garen lerratzen–. Bizitza lerratzea baita. Eta ezerezak ez dira existitzen. If you are «neutral» in situations of injustice you have chosen the side of the oppessor.
Dimentsio anitzeko eta eremu ezberdinetako artikulazio –eta konfrontazio– asimetrikoa –esango digu Julek– beharko dugu beste logika bat eraikitzeko lerratzean, teoriatik eta praktikatik izango duena, norberetik eta kolektibotik: etxeetatik, lagunartetik, lan-tokietatik –pluralean–, saltokietatik, hedabideetatik, hezkuntza eremuetatik…
Eta noski, ahalmen politikorako guneetatik. Txikitik, udaletik, herritik –ta handitik–. Bizitzaren alde lerratuko diren politiko publikoak martxan jarriz. Demokraziaz mintzatzerakoan, ez gaudelako ezerezaz hitz egiten, zaintzaz, janaz, aterpeaz, bizitza duinaz hitz egiten dugulako. Eta lurraldearen, egitura publikoen, herri ahalduntzearen, aukera kolektiboaren nahiz ongizatearen –bizitza erdigunean jartzearen– arteko lotura motaz erabakitzen ariko gara.
Ahalmen politikoa zertarako eta nondik? Lan eta bizi –duin– bat amesten eta eraikitzen dugunetik, ekiten dugunetik bidea egiteko. Herria eraikitzeko, herritik eraikitzeko, herriarekin eta herritarrentzat. Nolako Ondarru nahi dugu? Zer eskatuko diogu instituzio publikoari? Zein ardura hartuko dugu gure gain? Zer egiten ari gara praktikatik?
Horra nire lerratzea.