Pasioleku
Gernika-Lumo herri kirolaria da. Horren adierazgarri dira herrian dauden kirol elkarteak. Bakoitza bere zirkuluaren barruan, baina gero eta gehiago dira kirolaren alde egiten duten lantaldeak, asko lehen lerroan lehiatzen, gainera.
Futbolaren itzala luzea da mundu zabalean, eta gure eskualdean kontua ez da gutxiagorako. SD Gernikak mendeurrena ospatu zuen iaz, baina badaude hiruzpalau klub gehiago ia 17.000 biztanleko herrian, eskoletatik aparte. Hortik kontuak atera. Hala ere, bada urteetan bere bidea gogor eta gogoz urratu duen klubik. Aurten 50. urteurrena ospatzen du Gernika Rugby Taldeak. Basurdeak instituzio bat dira Gernikan, urteetan egindako ahalegin eta baloreen transmisioagatik. 27 urte dira jada “I.B” eta “Saski” batu zirenetik, Gernika KESB sortu eta egun emakumezko kirolean erreferente den klubeko oinarriak jartzeko. Ez ditut ahaztu nahi beste eragile garrantzitsu batzuk: Arkupe, Xixili, Gernika AT, Arrolape edo azken boladan gorantz datozen GFS eta zesta-punta eskola, besteak beste.
Urte guztiko kirol-jarduna gutxi balitz, udara heldu eta herriaren erdian dagoen elkargunean batzen da jendea. Ekainaren bukaeratik abuztuko lehen egunetaraino, futbol, saskibaloi eta pilota txapelketak uztartzen ditu Pasilekuak, ostean jaiei bide emanez. Ikusle bezala adin guztietako jendea ikusi daiteke. Jolasten, ordea, belaunaldi aldaketa eta erreleboa nabaria da. Gero eta beterano gutxiago ikusten dira jokoan, baina oraindik badaude batzuk, gehien bat saskibaloian. Partaide gaztetxoenek 10 bat urte izango dituzte eta nagusienek 55 bat. Azken hauek bi txapelketa jolasten dituztela esango nuke. Alde batetik, txapelketa bera eta, bestetik, urteak aurrera joan ahala maila fisiko onenarena. Batzuk gazte asko baino hobeto daudela esatea ez da inolako astokeria. Bestalde, fisikoki ongi ez dagoena ere nabarmendu daiteke, kalitatea ez baita galtzen urteen joanarekin. Behin jokoan maila emanda, hurrengo bizpahiru egunak mugitu ezinik emanda ere ez dio axola, hori ez du inork ikusten eta.
Futbolariez osatutako saskibaloi talde bat, saskibaloi jokalari eta errugbilariak futbolean edota kuadrilla desberdinak nahastutako taldeak dira adibide nagusiak eta, era berean, ederrenak. Lehia gauza polita da ondo ulertuz gero, baina bada beroaldiren batek jota marra pasatu duenik ere. Hala ere, partida osteko bosteko eta besarkadek konpontzen dute zatirik handiena. Gainontzekoa, terrazan partekatutako zerzebek egiten dute. Hori bai txapelketa garrantzitsua, eta urte askotarako izan bedi!
Gernika-Lumo herri kirolaria da eta Pasilekua, berriz, pasio leku.