Perspektiba
Azken aldian Twiterren bolo-bolo dabil Monopoly jolas ezagunarekin egindako giza jokabidearen inguruko ikerketa bat. Ikerketan, bi pertsona Monopoly-ra jolasten jartzen dituzte elkarren kontra. Hasieran, jokalari bati partidan zehar onurak emango dizkion pribilegio batzuk ematen dizkiote (bi dado jaurtitzea, diru bikoitza jasotzea…) eta besteari ez. Partidak aurrera egin ahala, jokalariek jarrera ezberdinak erakusten dituzte, eta jarrera hauen garapena ere ez da berdina. Horretaz ondorio batzuk ateratzen dituzte –pribilegiodunek zarata gehiago ateratzen dute, gehiago jaten dute…–, baina nere ustez interesgarriena, edo larriena, pribilegiodun jokalariek beste jokalariekiko erakutsitako prepotentzia eta errespetu falta dira. Bukaeran, irabazleari garaipenaren arrazoiaz galdetzerakoan, jabetza erosketa estrategia egoki bat izanari, hau da, meritu propioei egozten dio irabazi izana.
Bizitzan, Monopoly-ko ikerketan bezala, pribilegio batzuekin edo hauek gabe jaiotzen gara. Arraza, klase soziala eta sexua dira gure egungo sisteman «puztarriak» banatzen/ukatzen diren eremu nagusiak, gehiago egon arren. Horrela, eskala horren tontorrean gizon txuri aberatsak aurkitzen ditugu. Hortik behera konbinazio ugari daude beherengo mailara iritsi arte, emakume arrazializatu pobreena, alegia. Azpimaila bat ere existitzen dela esatera ausartuko nintzateke. Pribilegiorik gabe, eta jokatzeko eskubiderik ez dutenak. Paper gabeak.
Jendartean, ikerketan bezala, pribilegiodunek prepotentzia eta errespetu faltaz betetako jarrerak izaten dituzte sarri, pribilegio hauek ez dituztenekiko. Honen adibiderik argiena dugu egun ematen ari den pobreziaren kriminalizazio bortitza. Diru laguntza jasotzaileekiko egun dagoen mesfidantza eta mespretxua ez da kasualitatea, sistemak (mass medien bidez) etengabe elikatzen duen ideia baita. Kolektibo zapalduenak gure gaitzen errudun bilakatzen dituzte, eta hauekiko jendartean orokorrean erakusten den jarrera gero eta prepotenteagoa eta errespetu gabekoagoa da (ikerketan bezala).
Pertsonok, ikerketako jokalariek bezala, pribilegioei esker eskuratutako onurak norbere merituz lortutakoak direla pentsatzeko joera daukagu. Zoritxarrez ideia horrek, egoera kaxkarrean dagoenaren ardura, bere meritu faltan edo nahikoa ez egitean kokatzera eramaten gaitu gehiegitan. Merezi duzuna daukazularen ideia, ordea, pribilegiotik baino egin ezin daitekeen hausnarketa dugu.
Ariketa zintzo bat eginez, gure burua pribilegio eskala horretan kokatu beharko genuke. Perspektiba horrek, gure lekutik gora eta behera begiratu dezakegula erakutsiko digu, eta perspektiba horretatik abiatuta, hain zuzen ere, ikasi beharko genuke txisteak egiten ditugunean gora edo ingurura begiratu behar dugula, eta borrokatzen dugunean, gure jopuntua beti, beti gora begira jarri behar dugula.